Aritz Irusta: «Saioko taldekideak aspaldi ezagutu ditudan pertsonarik jatorrenak dira»
Aritz Irusta, ‘El Conquistador del Caribe’ saioko lehiakidea
BINKE / 2023ko apirila
«Helburuak betetzen ez dituzunean, normala da zurekin dezepzionatuta sentitzea»
- Aritz Irusta Fernández
1993, Galdakao
Lauaxeta Ikastolan ikasitakoa da Aritz Irusta galdakoztarra. Bertan Batxilergoa amaitu eta Mekatronikako Goi Mailako ziklo bat egin zuen, zeinek aukera eman zion praktikak Galdakaoko Maxam enpresan egiteko. Geroztik bertan dabil lanean, bederatzi urtera bidean, produkzioko mekaniko jardunean. Bere ogibideko ibilbidean, besteak beste, Txinan enpresako lantegi bat hutsetik sortzeko ardura izan du.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: EITB eta Hostoil
Bere taldeko kideen eta saioko adituen arabera, aurtengo ETBko ‘El Conquistador del Caribe’ lehiaketako partaiderik onenetakoa izan da Aritz Irusta. Baina bere ezaugarri onek ez diote aukerarik eman nahi beste urrun iristeko Karibeko abenturan, eta bertan bi aste egin ostean itzuli da Galdakaora Maxam herriko lehergaien lantegian lan egiten duen «konkistatzailea». Berarekin izan gara.
Karibetik itzuli zara. Nahi baino lehenago? Bai, duda barik. Nire helburua finalera edo gutxienez finalaurrekora iristea zen, nire burua forman, gogotsu eta ilusioarekin ikusten bainuen. Baina tira, ez zen posible izan.
Patxi Alonsok platoan egindako elkarrizketan esan zenuen zure buruarekin «dezepzionatuta» zaudela. Zergatik? Bere buruari asko exijitzen dion pertsona naiz, galtzea batere gustatzen ez zaiona, eta are gutxiago hau bezalako saio batean parte hartzen ari zarenean. Horretarako prestaketa gogorrak egin ostean, eta helburuak betetzen ez dituzunean, normala da zure buruarekin dezepzionatuta sentitzea.
Abentura bizitzera joan aurretik saioko probetarako gogor entrenatzen zinen ala? Saioko proba batzuk errepikatu egiten dira urtez urte, eta horietariko batzuetan prestatzen saiatu nintzen joan aurretik. Hasierako saltoaren proba, adibidez, gogor prestatu behar izan nuen bertigo handiko pertsona naizelako, eta Karibera joan aurretik ez nintzelako gai sei metroko garaieratik gora jauzi egiteko. Eta ondo egin nuen. Aldiz, sokan gora egiteko, oinekin estutzea ez nuen praktikatu ondo egiten nekielakoan eta, begira, proba horrek bidali ninduen etxera.
Baina joan aurretik ez zenekiten probak zeintzuk izango ziren, ezta? Ez, inoiz ez dira jakiten. Gainera berriak sartzen dituzte urtero. Baina saioko jarraitzaile fidela bazara badakizu ziurrenik aurkitu egingo dituzula probak sokekin, tarantulekin, txarriarekin, jauziekin…
Noiz grabatu zenuten saioa eta zenbat denbora eman zenuen zuk han, guztira? Azaroan joan ginen, egun bi eman genituen lehiakide guztiak hotel batean elkarrekin —elkar ezagutzeko, oraindik ekipo berekoak nortzuk izango ginen jakin barik ere— eta ostean 11 egun egin nituen saioan lehiatzen. Guztira 14 egun egin nituen Karibean.
Behin esperientzia bizita, zein izan da bizi izan duzun probarik errazena? Proba errezik ez dago ‘El Conquistador del Caribe’ saioan, eta are gutxiago ez duzunean jaten eta moskito guztiek ziztatu egiten dizutenean. Baina errezenetariko bat agian talde aurkarien kupelak urez bete behar genituen proba izan zen niretzat.
Zelan moldatu zara animalien tripak eta hesteak ahoan eramateko? Ba txerriaren proba beti izan da egiteko desiatzen egon naizen ariketetako bat. Hasieratik antolatzen dute eta gaur egun badago desberdintasun nabari bat txerriaren okelak ahoan gordinik hartzetik, honen odola zure ahoan kapitainaren ahora eramatera. Bero, bere odolbildu guztiekin eta kriston kiratsarekin odola ahoan eraman behar izateak botaka egiteko gogoak ekarri zizkidan!
Probarik txarrena berriz, imajinatzen dugu horma izango zela… Ba ez, ez zen horrela izan! Hasierako jauzia izan zen niretzako, alde handiz, probarik zailena. Altuera horiei diedan beldurra ez da normala, eta bertara joan nintzen proba horri aurre egingo ez niolakoan. Baina begira, probarik zailenari aurre egin nion eta hormako teknika txar baten erruz kaleratu ninduten.
Hormarekin ametsik egin duzu? Amets ez, baina egia da une horretako irudiek jarraitu egin nindutela behin saioa emititu zenean. Sare sozialetan, platoan, jendearen mezuetan… zelako amorrua!
Kideek bidali zintuzten ostean kaleratuko zintuen duelura. Huts egin dizutela sentitzen duzu? Ez, inondik inora ere. Maitatu eta mirestu egiten ditudan kideak dira, aspaldi ezagutu ditudan pertsonarik jatorrenak. Eta duelura bidali ninduten nigan konfiantza handia zutelako.
Seletak, zure taldeko kapitainak, zure kaleratzearen «erruduna %99an» sentitzen dela esan izan du. Esango du, baina ez du arrazoirik. Ni naiz horma igo ez zuena eta kito. Gainera duelura ni joatearen erabakia talde osoarena izan zen. Seleta kapitain moduan eredu da, benetan.
‘Basurde’ ezizenez deitu izan zaituzte saioan, baina zure kideei «azeriak» izan behar zinetela esaten zenien. Zer da garrantzitsuagoa? Bizitzan oreka bat beharrezkoa dela uste dut, eta baita abentura honetan ere. Basurdeak izan behar dugu energian, gauzak egiteko zure ehuneko ehuna ematerakoan, indarrean… baina azeriak izan behar genuela esaten nuen bihurrikeria ere behar genuelako, nik neuk izan ez nuena, gainera…
Gogor hasi zineten talde gorrikoak, baina gero gosea eta logurea ere izan duzue, ezta? Bai, oso gogor hasi ginen. Erratuta ez banago lau probatik lau jarraian irabazten hasi ginen. Baina «kanpamentu aberatsean» ez da uste duzuena bezain ondo lo egiten, egun osoz dituzu eltxoak ziztatzen eta ez dago lo egiterik. Hori gutxi balitz, eta agian ez zineten konturatu, baina gu izan ginen azken taldeetako bat janaria sari bezala jasotzen…
Argalduko zinen ba! Bai, asko. Nire gorpuzkeragatik gainera nik asko jan behar izaten dut, eta nire taldean azkarren argaldu dena ni izan naiz.
Zer izan da okerragoa, gosea ala lo falta? Saioko gogorrena ez dira izan ez gosea ezta lo falta ere: niretzako moskitoen ziztadak izan dira okerrena. Eguneko 24 orduetan eltxoak ziztatzen izatea jasan ezina da, benetan. Ba, gosea izatea gogorra izan daiteke lehenengo hiruzpalau egunetan, baina gero gorputza ohitu egiten doa. Lo falta ere gogorra da, baina hori ziztaden ondorio izaten da gehinetan. Zoratzeko modukoa da hori!
Zein puntura arte da egia etxeko pantailatik ikusten den gogortasuna eta zenbatekoa da ‘postureoa’? Ba gezurra badirudi ere, askoz errazago ikusten da guztia etxetik. Telebistatik ikusten duzunak ez dauka zerikusirik han bizi denarekin, askoz gehiago sufritzen da han! Gainera, etxetik ordu eta erdiko saio bat baino ez da ikusten, baina han 24 orduz egon behar duzu, eta oso gogorrak egiten dira proben eta dueluen arteko ordu hilak.
Norekin konpondu zara hoberen? Olanorekin, zalantza barik. Zer esan bere inguruan: pertsona oso ona, taldekideen artean beti giro ona sortu nahian, barre egiten, gauza guztien alderdi positiboa ikusten, ondokoak lasaitzen… Olano ikaragarria izan da.
Eta txarren? Txarren norekin moldatu naizen esateko beste taldekoren bat aukeratuko nuke, baina aurkarien inguruan ezin dut askorik esan, haiekin harremana ekidin egiten baitu programak! (barreka)
Programako zure azken uneetan, negarrez, asko aipatu zenuen ama. Zergatik? Asko maite eta miresten dut ama, zelan ez. Baina gainera harreman handia daukagu, guzti-guztia kontatzen diot berari eta han igaro beharreko ordu hiletan zein unerik gogorrenetan bera etortzen zitzaidan burura. •