Asier Fernandez de Aranguiz: «Kataluniarrek Euskal Herriarekiko anaitasun sentimendu handia dute»
Asier Fernandez de Aranguiz, Cerverako galdakoztarra
BINKE / 2024ko maiatza
Jaiotzez: Bilbokoa, baina Urretan hezia
Gaur egun: Cervera, Katalunia
Jaiotza urtea: 1988
Ikasketak: Publizitate lizentziatura eta masterrak zientzia kognitiboetan eta DBH-ko irakaskuntzan
Zertan dabil: Multinazional batean lan egiten
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Cerverara etortzea aldaketa handia izan zen guretzat. Batez ere, aurreko bost urteetan Belgikan bizi ginelako, eta hori baino lehen Malasian. Beraz, gauzak asko aldatu ziren hona etortzean: hizkuntza, kultura, janaria… Galdakaorekin ere ezberdintasunak daude. Nabarmenena, nire ustez, eguraldia: hemen euri oso gutxi egiten du, eta euria egiten duenean, mundua gelditzen da eta denak etxera!
Zer du zure hango herriak, Galdakaok ez duena? Hemengo jaialdiak estuki loturik daude dragoi eta izaki mistikoekin. Baita suarekin eta petardoekin ere. Jaiak direnean hobeto su azpian dantzatzeko prest bazaude! Oso dibertigarria da eta oso ezberdina gure jaiekin konparatuta. Hortaz entzun ez baduzue, Interneten Cerverako Akelarre Jaiak bilatzea gomendatzen dizuet.
Eta zer du Galdakaok, han ez duzuena? Kaleko bizitza eta giroa jaiak ez direnean ere.
Zeren falta somatzen duzu han? Lehenik eta behin, jendea, noski. Lagunak eta familia asko somatzen dira faltan. Jendea eta gero, tortilla pintxoak. Hemen ezin duzu topatu tortilla pintxorik inon. «Pa amb tomaquet»-a gozo dago ere baina tortilla pintxoa ordezkaezina da!
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Cerverak ondare historiko eta kultural handia du. Interes nazionaleko ondasun bezala katalogaturiko 11 monumentu daude. Hortik hasiko nintzateke eta, parrandazaleak direnentzat, abuztu amaieran Cerverako Akelarrera etortzea gomendatuko nieke.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Askotan, bidai aholkuak ematen edo Bilbo-aldea eta Euskal Herria bisitatzeko propaganda egiten. Zer bisitatu, non eta zer jan… Gure gastronomiari buruz ere nahikotxo hitz egiten dudala esango nuke, beti errezetatxoren bat azaltzeko prest! Nire emazteak euskaldunok ezin garela egon ezta bost minutu ere janariaren gaia atera gabe.
Zer dakite gure herriaz? Galdakaori buruz normalean ezer, egia esan. Bilbo, Bizkaia edo Euskal Herriari buruz bai, noski. Kataluniako herritar askok Euskal Herriarekiko anaitasun sentimendu handia dute. Gainera, Bizkaia edo Gipuzkoa aldean oporretan egon den jende asko dago.
Zer zenekien zu hangoaz? Ez askorik. Gutxienez nire bikotekidea ezagutu nuen arte, bera hemengoa da eta. Zonalde nahiko ezezaguna da eta nire emazteagatik izango ez balitz, seguraski oraindik ez nuke ezagutuko. Normalean, jendeak dakien gauza bakarra da Marquez anaiak, motoziklistak, hemengoak direla. Hala ere, pozik nago hemen amaitu izanaz.
Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Gure ideia Galdakaora bizitzera joatea da etorkizun hurbilean. Laster eraikitzen hasiko diren etxebizitza bat erosi dugu eta hura prest dagoenean Galdakaora mugitzea pentsatuta daukagu.