Atxiki gabeko zinegotzia udalbatzatik kaleratu zuen atzo Galdakaoko alkateak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Atzo antolatu zuen Galdakaoko Udalak iraileko udalbatza, eta saioak udal tasak beste urte batez izoztea zein herri autobusa arautzeko erreglamendua behin betiko onartzea ekarri bazituen ere, alkateak Miguel Ángel Martin atxiki gabeko zinegotzia kaleratu izanak utzi zuen aho-zapore mingotsa. Hemen kontatu dugu bertan gertatutakoa eta, bide batez, atxiki gabeko zinegotziaren ibilbideari errepaso egin diogu.
Galdakaoko jardun politikoan harrabots luzea sortzen ari da azken aldian atxiki gabeko zinegotziak, Miguel Ángel Martín galdakoztarrak, Auzoak plataformaren aurka dituen kexak, zalantzak eta galderak. Atzo, irailak 29 zituela, antolatu zen iraileko udalbatza ere ez zen gutxiagorako izan. Baina atzokoak amaiera gogorragoa izan zuen atxiki gabeko zinegotziarentzat, udalbatzatik kaleratu egin baitzuen udalbatzarreko presidente eta udalerriko alkate den Iñigo Hernandok.
Galdakaoko Udalean modu independentean ari da Miguel Ángel Martín, inongo alderdiko kide izan barik, 2019ko urritik. Ordura arte, 2019ko udal hauteskundeetara estreinakoz aurkeztu zen «auzoen eta Metroaren aldeko» plataforma herritarreko kide izan da Martín, Auzoak plataformako kide. Plataforma sortu berri honek lau zinegotzi eskuratu zituen eta hauteskundeak EAJk irabazi bazituen ere, Auzoak taldeko lau zinegotziek EH Bilduri babesa eman zioten eta koalizio abertzaleak alkatetza irabaztea ahalbidetu zuten. Geroztik, lehenengoz Udalean, EH Bilduko alkate bat du Galdakaok; Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos taldeekin batera.
Aipatutako plataformako lau zinegotzi horien artean Martín ere bazen, Mari Paz Losada, Olaia Parra eta Javier Ibarretxerekin batera. Eta kargua ere bazuen udal gobernuan, plataforma sortu berri honek ardurak eskatu zizkiolako EH Bilduri bere babesaren truk. Losada alkateorde da eta ondoko arloen ardura du: obrak eta zerbitzuak, adinekoak, Gizarte Ekintza, mugikortasuna eta garraioa, eta ondarea. Parra berriz gardentasun, parte-hartze eta kulturako zinegotzia da; eta Ibarretxe sustapen ekonomikorako zinegotzia da. Martínek, bere aldetik, gazteriako ardura zuen.
Aldiz, hilabete gutxi iraun zituen Miguel Ángelek gobernu taldean, 2019ko urrian Auzoak uztea erabaki baitzuen. Geroztik oposizioko kide da, EAJren sei zinegotziak eta PSE-EEren bi zinegotziak bezala. Bada, alderdi batetik alde egitea erabakitzen duen zinegotziak karguan jarraitu dezake, hauteskunde-legearen arabera. Eta horrela egin zuen Martinek, Galdakaoko Udaleko PPren zinegotzi zen David Pasarínek 2013aren hasieran «Bárcenas kasuagatik» alderdi popularra uztea erabaki zuen modu berean. Garai hartan ere, Pasarínek atxiki gabeko zinegotzi izaten jarraitu zuen legegintzaldia amaitu arte.
Atxiki gabeko zinegotzi bat alderdi bateko kide ez den zinegotzia da, independentea, eta beste edozein zinegotzik dituen eskubide berberak ditu. Udalean ordezkatuta dauden alderdiek jasotzen dituzten dirulaguntzak ez ditu jasotzen, baina aldiz, udaleko arlo guztietako batzordeetara joateko aukera du —horrek mozkin ekonomikoan duen eraginarekin, zinegotziek kobratu egiten baitute udalbatzetara eta batzordeetara joateagatik, karguren bat izan zein oposizioan egon—.
Zergatik utzi zuen Auzoak?
Miguel Ángel Martínek eta berarekin Auzoak utzi zuten —baina zinegotzi kargurik ez zuten— beste hiru kidek ez zuten azalpen ofizial handirik eman euren alde egitea arrazoitzeko. Aitzitik, plataformatik joan eta jarraian Martínek komunikabideei eskainitako elkarrizketetan esandakoak kontuan hartuta, «kritika falta» leporatu zion berak sortutako plataforma herritarrari: «Bildurekin gobernatzeko hautua egin genuen, baina ez da kontuan hartu gu independenteak garela» (El Correo, 2019ko urriak 25)
Halarik ere, atxiki gabeko zinegotzi honek bere sare sozialetan eta udalbatzetan egiten dituen adierazpen askotan sumatu ohi zaizkio beste arantzatxo batzuk, eta akaso Auzoak utzi izanaren arrazoi izan daitezkeenak: Metroa Galdakaora «ekartzearen» aldarria eta plataforma herritarrak izendatu zituen aholkulariak.
Azken puntu horrek ekarri zuen iraileko udalbatzako eztabaida, galdera eta erreguen txandan Martínek Auzoakeko aholkulari baten lana zalantzan jarri zuenean enegarren aldiz. Olaia Parrak erantzun egin zion, «azalpen horrek bere garaian» eman zitzaizkiola esanez eta alkateari «udal langilea sufritzen ari den jazarpen horren aurrean zerbait egiteko» eskatuz. Hernandok eskaera onartu zion Parrari eta Martíni hurrengo galdera egitea eskatu zion, gaia alboratzeko asmoz.
Alabaina, atxiki gabeko zinegotziak ez zuen kasurik egin eta Kultur zinegotziaren aurka jarraitu zuen bere jarduna, «aholkulari lanak egiten dituen langile hori erasotzen ari naizela esaten duelako». Alkateak gaiarekin ez jarraitzeko eskatu zion, baina hitza kendu zion azkenik, Martínek aholkulari horren izen-abizenak aipatu zituenean: «Miguel Ángel, langileen izen-abizenik ez esan; ez daukazu hitza».
Mikrofonoa itzalita ere berba egiten jarraitu zuen Martínek eta, hirugarren abisuan, Iñigo Hernandok udalbatzatik kaleratu zuen Auzoak plataformako kide ohia.
Zer erabaki zen iraileko udalbatzan?
Hala eta guztiz ere, iraileko udalbatzak ekarri zuen onik ere eta ondoko lau puntuak onartu ziren —Galdakaoko Udalaren oharretik hitzez hitz hartuta—:
- Aurten jaso arren aurreko bi urteetan sortu ziren fakturei dagozkien 1.652,53 euroak ordaintzea onartu da, aho batez eta eztabaidarik gabe.
- Udaleko ordenantza fiskala foru arau berritura egokitzeko moldatzea onartu da, aho batez eta eztabaidarik gabe.
- Galdakaoko udalerriko auzo eta guneak lotuko dituen herri autobusa arautzeko erreglamendua behin betiko onartu da. Autobusaren zerbitzua esleitu eta martxan jartzeko beharrezkoa den urratsa egin da, beraz, aldeko 14 botorekin —EH Bildu (6), Auzoak (3), Usansolo Herria (2), Podemos (1), eta PSE-EE (2)— eta 6 abstentziorekin —EAJ (5) eta atxiki gabeko zinegotzia—.
- Udal tasak izoztearen aldeko mozioa onartu da, aho batez. PSE-EEk 2023ko tasak izoztea proposatuz aurkeztutako mozioari udal gobernuak (EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria, Podemos) emendakina aurkeztu dio, progresibitatea bilatzeko nahia gehituta. PSE-EEk onartu egin du proposamena, eta adostutako mozio hori aho batez onartu du udalbatzarrak.