Aurrekontu parte hartzaileen proposamenen artean bozka daiteke
Ekonomia
BINKE / 2022ko ekaina
Aurrekontu parte hartzaileen proposamenen artean bozka daiteke
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Aurrekontu parte hartzaileen azken faserako proposamenen artean botoa emateko aukera zabaldu zuen atzo Galdakaoko Udalak, eta uztailaren 15era arte egongo da zabalik.
Aurtengo aurrekontu parte hartzaileen prozesua azken fasean sartu zen atzo, botoa emateko fasea zabaltzearekin, eta uztailaren 15era arte egongo da zabalik. Urtarrilean hasitako prozesu honek berrikuntzak ekarri zituen, hala nola, erabaki.galdakao.eus plataformaren erabilera eta Galdakaoko guneen sailkapena, proposamenak auzo guztietara heltzeko. Bestalde, gastuei dagokienez, milioi bat euroko aurrekontua dago urte bakoitzerako —milioi bat 2023rako eta milioi bat 2024rako—, %35a inbertsioetan erabiliko dena, eta beste %65a zerbitzu, programa eta ekintza berriak egiteko.
Prozesua hurrengoa izan da; lehenik eta behin, maiatzaren 2tik 17ra proposamenak jasotzeko fasea izan zen, non 232 proposamen heldu ziren herritarren aldetik. Hauetatik %42a plataforma digitalaren bitartez jaso ziren —horrek harrera ona izan duela bistaratzen du—, %38a antolatutako batzar irekietatik eta %18a Haur Kontseilu eta Topaguneetatik.
Hurrengo fasean, «babesen fasean», jasotako ideia guztietatik 64 aukeratu zituen Galdakaoko Udalak, eta herritarrek —16 urtetik gorakoek— gutxienez 3 eta gehienez 25 proposamen babestu ahal izan zituzten. Kasu honetan, parte hartzea ere digitalki zein presentzialki izan zen, eta 3.985 babes jaso ziren.
Aurrekontuaren banaketa kontutan hartuta, inbertsiorako hiru proposamen eta zerbitzu, programa eta ekintza berriak egiteko bost proposamen aukeratu ziren, hau da, zortzi ideia eremu bakoitzeko, balorazio teknikoko fasera igaro zirenak. Ebaluaketa teknikoaren ostean proposamenen kostuen totala ez zenez aurrekontutik bideratutako %1,5era heldu, proposamen berriak gehitu ziren, diru kopuru horretara heldu arte.
Azkenik, atzo hasitako fase honetara 55 proposamen iritsi dira, eta aipatu bezala uztailaren 15era arte egongo da prozesua zabalik —azken hau barne—. Erroldatuta dauden eta 16 urte edo gehiago dituzten herritar guztiek aukera ditzakete Galdakaon garatuko diren proiektuak. Azken fase honetan, bakoitzak hiru aukeratu ahal ditu.
Botoa emateko erak:
Digitalean: erabaki.galdakao.eus
Presentzialean: adinekoen zentroetako batzarretan, Torrezabalen, Aperribaiko liburutegian, Usansoloko liburutegian edo ESAN bulegoan.