Auzoak-ek eta UHk hauteskundeetara aurkezteko beharrezko sinadurak batu dituzte
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Natee Meepian
Hauteskundeetako legeak hala eskatzen duelako, auzo-elkarteek 500 sinadura behar dituzte gutxienez —Galdakaoren neurriko udalerri batean— udal-hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Auzoak eta Usansolo Herria plataformek epearen aurretik jaso dituzte beharrezko sinadurak, eta berme horiekin aurkeztuko dira berriz udal-hauteskundeetara. Baina, zenbat lortu ditu bakoitzak?
Amaitzear dagoen azken legegintzaldian, 2019-2023koan, Galdakaoko Udal Gobernua lau taldek osatzen dute. Horietatik bi, EH Bildu eta Podemos, alderdi politikoak dira; beste bi, Auzoak eta Usansolo Herria (UH), auzo-elkarteak dira. Ondorioz, eta legeak hala eskatzen baitu, elkarteek barrutiko hautesle-erroldan inskribatutakoen %1aren babesa behar dute.
Babes horiek sinaduren bitartez jasotzen dira. Galdakao udalerriaren kasuan —10.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerria denez— gutxienez 500 sinadura behar dituzte Auzoak-ek zein UHk. Horiek batzeko epea dute datorren apirilaren 24ra bitarte. Baina ez dute epea agortuko, biek ala biek aise gainditu baitituzte gutxieneko bermeak.
Usansoloren segregazioa lortzeko sortu zen elkarteak, «650 sinadura batu badoguz be», 545 sinadura aurkeztu zituen Hauteskunde Batzordean, UHko kideek Binkeri azaldu diotenaren arabera. Auzoak plataformak berriz, ia 700 sinadura batu dituela iragarri du bere sareetan, eta hala baieztatu dio hedabide honi ere: «Sinadura bilketa eginda eta itxita dugu honezkero».
Berme nahikoa jasota hortaz, hautagaien zerrendak aurkeztu beharko dituzte orain bi auzo-elkarteek, alkategaiak tarteko.
UHk, Bizkaiko 113. udalerria izatea lortu badu ere, Galdakaoko Udaletik jarraitu beharko du bere egitura munizipala egikaritzen eta horixe izango du datorren legegintzaldian helburu —bien bitartean, Espainiak jarritako helegitearen ondorio, Kudeaketa Batzorde batek egin beharko ditu udal funtzioak—.
Auzoak plataformak berriz «alderdi nagusien pare» egoten jarraitzea bilatuko du datozen udal-hauteskundeetan eta datorren Udal Gobernuarentzako giltza izaten, azken legegintzaldian izan zen moduan.