«Bagil zein ekain»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2017ko ekaina
Udabarria itxi eta uda hasten dan hilabetea, bagil zein ekain izenez ezagutzen dogu. Gure hilabeteen izen bakoitzak bere jatorria dauka.
Kasu batzuetan ortzi edo zerua izan da kontuan eta beste batzuetan hil horretako uzta.
Ekain dala-eta, eguzkira jo dogu. Iparraldean, eguzkiari, ekhi esaten jako eta ekhi+gain>ekain bilakatu da. Eguzkiaren kokapenagaz dauka zerikusia, latineko solstitium>solstizio legez, hau da, udaren hasierako egun-argiagaz.
Bagil dala-eta, uztarora jo dogu eta baba+(h)il>bagil bilakatu da. Hil honetan babak batzen dira. Gure babak, babazabalak dira, behar eta gura izan ezkero, berdetan euren zerukatik garandurik, lapikoan egosi eta jateko, eta gainetikoak sikatu orduan ganaduei pentsu moduan emoteko be bai. Babakaz jarraituz, gure herrietan beste baba mota bat daukagu sano geuretua. Zein? eta indiababak.
Izenak berak dinosku Indiatik, bueno, Ameriketatik inportatuak izan zirala. Gero, indiababak>indabak esatera bilakatu da eta bere uztaroa udagoienean izaten da. Hilabete hau, besteak beste, garagarril izenez be ezagutzen da, izan be, garagarraren uztaroa dalako.