«Bahiketa» aurkeztu du gaur Asel Luzarragak Sormenen, Buenos Airesi «zor zion liburua»
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
«Bahiketa» aurkeztu du gaur Asel Luzarragak Sormenen, Buenos Airesi «zor zion liburua»
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Leire Alonso, Aroa Elortza, Kattalin Urrengoetxea eta Idoia Ugaldek «Izotzetan islatuak» liburu-bilduma aurkeztu ondoren, Euskal Herritik kanpo bizitako asko kontatzera etorri da Sormenera Asel Luzarraga bere azken liburuarekin: «Bahiketa».
Bere azken liburua aurkezteko, Asel Luzarragak gaur Edorta Jimenez aukeratu du «Bahiketa» lanaren inguruan aritzeko, eta hortxe aritu dira biak Sormeneko oholtzan. Luzarra musikan ibilitako idazle bilbotarra da. Argentinan bost urte eman zituen, eta bertan bizipen garrantzitsu asko gertatu zirenetik, argi izan du Buenos Airesi liburu bat zor ziola. Horregatik, lagun biren etxean erretzen zegoelarik eta paranoiak sortutako espazio-denbora hausturaren ondorioz, liburua idazteko ideia etorri zitzaion burura. Idazlea inguru hartaz elikatu da aurten argitaratu duen azken obra aurrera eramateko: «Bahiketa».
Bi protagonista nagusi daude eleberrian, Edu eta Matxin, baina Luzarragak aipatzen duen moduan «Buenos Aires ere protagonistatzat har daiteke, nik bizitako inguruak, giroak, jende mota… bertan txertatuta agertzen direlako». Eleberrian Edu eta Matxinen inguruko istorio bat jasotzen da. Eduk normalean Buenos Aireseko La Hoz egunkaria jasotzen zuen Matxinen artikuluarekin batera. Baina egun batetik bestera konturatzen da etxera ez zaiola artikulu berririk iristen eta Matxinekin kontaktuan jartzen saiatzen da horren inguruan galdetzeko. Saiatu eta saiatu ondoren, ezinezko egiten zaio haren inguruko berririk jasotzea eta zalantzak sortzen hasten zaizkio Eduri, ez baitaki bere laguna berriro ere Euskal Herrira itzuli ote den edota bahitu egin duten. Zalantza horietan oinarrituz kontatzen du Luzarragak protagonisten arteko istorioa.
Aipatu bezala, Torrezabalen bere lagun mina den Edorta Jimenezekin ibili da solasean. Haien arteko harreman ona begi bistakoa izan da, eta horrek hein handi batean liburuaren inguruko hainbat zehaztapen azaleratzen lagundu izan du. Oholtza gaineko solasaldian idazleek nabarmendu dutenez, bi amu jarri nahi izan dizkie Luzarragak irakurleei: lehena, pertsonaia bitxiak zer dela eta Argentinara joaten diren deskubritu, eta bigarrena, Matxinen desagerpenaren nondik-norakoak ezagutzea.
Arratsaldeko azkenaurreko literatur saioa izan da Luzarraga eta Jimenezek aurkeztutakoa, beraz, Sormenek gaurkoz literaturari amaiera emango dio Peru Magdalenak aurkeztuko duen obrarekin: «Tantaka». Horrekin batera, gogoratu Sormeneko saio guztiak gure webuneko hasiera-orritik jarraitu ahal direla streaming bidez.