Bekeakoei esker 1933an eraikitako zubiaren historia
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta Foru Aldundiko artxiboa
Kamioi batek pertsona bat harrapatu zuen abenduan Bekeako zubian eta honen harira «bide arriskutsua» dela salatu zuten auzokideek. Zabalera txiki duela diote eta zubia eraikitzeko orduan ere haien aldarrikapenei esker zabalagoa egin zela gogorarazi dute. 1933an eraikitako eta gaur egun berdin mantentzen den zubiaren jatorriaren inguruan sakondu dugu ondoko erreportajean.
Kamioi batek auzokide bat harrapatu eta zauritu zuen Bekeako zubian abenduaren 10ean. Kamioiak talka egin zuen errepide ertzeko hesiarekin eta ondoren auzokidea harrapatu zuen, errepidera botata.
Bekeako Auzo Elkartetik adierazi zutenez, auzokidea ospitalera eraman behar izan zuten. «Bide arriskutsua da ibilgailuentzat, pertsonentzat, bizikletentzat… Oraingoan auzokide bat dago ospitalean, baina hurrengoan?», salatu zuten.
Udalaren erantzuna. «Urte asko daramagu Udalari konponbide bat eskatzen eta beti esaten digute proiektu bat egiten ari direla, baina ez dute ezer egiten. Ez dago bizilagunik inguru horretatik igarotzean beldurrik izan ez duenik», adierazi zuten auzokideek.
Honi erantzun nahian, prozesua azkartzeko asmoz, Uraren Euskal Agentziarekin eta Aldundiarekin batzarrak izan ditu Galdakaoko Udalak. «Zubi berri bat eraikitzeko eta biribilgunea egiteko proiektu bana eginak ditugu, baina zubia eraikitzeko ezinbestean behar da URAren babesa, eta N-634 errepideari eragiten dion edozein proiektu garatzeko, Aldundiarena», adierazi zuten duela aste batzuk Udaletik.
Behin-behineko konponbideak. «Obra handia da egin beharrekoa eta baimen diferenteek baldintzatzen dute. Behin betiko proiektua onartua izandakoan ere, aurreikusi daiteke denbora asko beharko direla behin betiko sarbide berria eraikita egon arte», azpimarratu zuten.
Behin betiko proiektua gauzatu bitartean, oinezkoentzako behin behineko pasabidea eraikitzea proposatuUdalak, «Bekeako auzokideen segurtasuna bermatzeko».
Era berean, «kamioien joan etorria mugatu egingo dugu behin behineko zubi hori jarri bitartean. Kamioiek ordutegi zehatz batean soilik pasatu ahalko dute zubitik eta seinalizazioa hobetu ere egingo da, oinezkoei arriskuaz ohartarazteko».
Jatorria. Konponbidea heltzen den bitartean, auzokideek gogora ekarri dute Bekeako zubiak gaur egun duen zabalera haiek egindako aldarrikapenei esker handitu zela zubia bera eraiki zenean. «Zubia 1933an eraiki zen eta orain daukan itxura mantendu da ordutik. Hasieran ordea, zabalera oraindik txikiagoa egiteko asmoa zuten, helburua Lekubasotik zetorren ur hodi bat erreka gainetik igarotzea baino ez zelako. Bide honek oinezkoentzat baino ez zuen balioko», azaldu dio hedabide honi Ibon Askargorta Bekeako auzokideak.
Autoak eta kamioiak ordea, ez lirateke igaroko hasieran pentsatutako zabalera horrekin. Bai aldiz, auzokideek eskatutako zabalera handiagoarekin, gaur egun mantentzen dena. «Bekeako auzokideek orduan zubia zabalagoa egiteko eskaera egin ez balute, ezinezkoa izango litzateke beranduago Bekeako industriagunea sortzea adibidez», nabarmendu dute auzokideek, euren aldarrikapenak entzuteko garrantzia azpimarratuz: «Bere egunean hala bazen ere, gaur egun zubia ez da industriagune batera sartzeko modukoa, eta hau aldatzea eskatzen ari gara duela denbora luzetik, auzokideentzako arriskutsua delako». •