«Berbiktimizatzen», Ainara G. Goitiandia
Zokoratutako berbak
Ainara García Goitiandia
BINKE / 2023ko otsaila
Gezurra badirudi ere, urte barrie estreinetako gizarteak txundituta uzten gaitu beste behin. Oraingoan, emakumeak berbiktimizatzen. Ohitura zaharra da gero, zezenketak, emaztea jipoitzea afaria hotz dagoelako edo ehiza moduen, eta feminismoaren poderioz zuzendutako ohitura emoten zuen. Baina ez, beste behin eta eraso matxista bi direla medio, gizartearen misoginia agerian gelditu da.
Biktima bi: Dani Alvesek egindako ustezko bortxaketaren biktima eta TikTok plataformako zuzeneko batean bere bikoteak jipoitutako neska. Zer dute amankomunean? Gizarteak berbiktimizatu egiten dituela. Bata, bere kabuz sartu zelako komunera Alves futbolariak bortxatua izateko, ez zuelako momentuan bertan bortxaketa salatu, salaketa dirua irabazteko egin zuelako edo izan edo izango ez den kalteordainketa bateri uko egiteagatik. Bestea, jipoia eta gero bere bikotea ez salatzeagatik, jipoia onartu eta normalizatzeagatik, «ez naiz tratu txarrak jasaten duen emakumea» esateagatik. Hau da gizartearen misoginia, salatzen badogu txarto, ez badogu salatzen txarto. Hau da eztabaida, biktima zalantzan jartzea, markatua izatea, ez sinistea.
Horrela, emakumeok gardentasun moral antzemanezina frogatu behar dogu gure ekintzekin, gizartearen onespena eta eraso matxistak jasaten ditugunean sinetsiak izateko. Bitartean, erasotzaile matxista, gizartearen radaretik kanpo, librea da nahi duen moduan jarduteko. Inork ez dio konturik eskatuko gizon bati, ekintzekin matxismoa bermatzen duenean.