Bibiano ile-apaindegia: «Herriko komertziook elkarren artean zaindu behar dugu»
Bibiano ile-apaindegia
BINKE / 2021eko ekaina
«Herriko komertziook elkarren artean zaindu behar dugu»
Ezin dezake edonork esan 30 urte luzez lanean aritu denik ofizio berean. Bai ordea Bibianok (Galdakao, 1966). Hiru hamarkada pasa dira Galdakaon lehen ileapaindegia ireki zuenetik, eta hasierako ilusio berarekin dirau egun lanean.
Badira 30 urte jada mundu honetan murgildu zinenetik. Hala da, bai! Soldaduskatik itzuli eta hortik gutxira ireki nuen lehen ileapaindegia, Loiolako Inazio kalean. Bertan urtebetez aritu ostean, 1996an ireki nuen bigarrena Urki kalean, eta hainbat urtez aritu nintzen han lanean, gustura gainera, baina hamaika arrazoi medio 2014an hona mugitzea erabaki nuen, eta ordutik ari naiz hemen.
Honetarako egingo zenuen aurretiazko ikasketarik, ezta? Halabeharrez!
16 urte nituela egin nituen bizargintza ikasketak Bilbon, bi urtez, eta bukatu bezain pronto egin behar izan nuen alde soldaduskara, ordura arte ikasitakoari jarraipen bat eman ezinez. Zorionez, kanpoan egindako egonaldian, gizonezkoen arloan espezializatzeak nire ikasketak are gehiago sakontzea ahalbidetu zidan. Gehitu horri gainera aita ere bizargina zela garai hartan, sekulako laguntza eman zidan lehen urratsak egin orduan!
Zer bereizten zaitu gainontzeko ileapaindegiengatik? Tira, ez da erraza honi erantzutea. Batez ere bezeroekiko dudan tratua, zerbait lehenestekotan eta ezeren gainetik. Haiek nirekiko duten fideltasunari nik aldiz modurik eta hoberenean erantzuten saiatzen naiz, eta uste dut hein batean haiek ere honen jabe direla. Badut kafe makina bat, garagardo kanoi bat eta txikienentzako telebista bat ere bai, eta ohiko bezeroei patilak konpontzeko aukera ematen hasi naiz orain gutxi, musu-truk. Ahalik eta erosoen sentiarazi nahi ditut bezeroak.
Garai iluna akaso ileapaindegientzat ere? Zalantza izpirik gabe, 2019an hasitako gorakadak eten bat jasan baitu, guztiz. Jendea beldur da orain, batez ere helduenak, normala den bezala, eta gizonen kasuan esaterako ez dira jada bizarrak konpontzen. Beherakada handia jasan dugu, baina aurrera jarraitu behar dugu, nahitaez.
Ba al dute herriko komertzioek merezi duten pisurik Galdakaon? Gure kasuan bai, egun modan dauden «LowCost» modukoek —herrian barne— kontestua asko aldatu badute ere. Ez da erraza horren prezio baxuen aurrean bestelako eskaintzarik egitea, ezin dezakegu kostua gehiago jaitsi, zinez. Ez ordea beste ofizio batzuek, arropa dendek, esaterako. Nahitaezkoa dugu galdakoztar ikuspuntutik tokiko dendetan kontsumitzea, herri gisa jardun nahi izatekotan. Zirkulu baten antzera ulertzen dut nik hau dena, eta herriko komertziook elkarren artean zaindu beharra daukagu, herri bezala.