BIDEOA | Emakumeen Plazari Benita Aboitiz izena jartzeko proposamena egin dute
Feminismoa
BINKE / 2022ko martxoa
Emakumeen Plazari Benita Aboitiz izena jartzeko proposamena egin dute
TESTUA ETA IRUDIAK: Jon Gomez Garai
Usansoloko Emakumeen Plazari Benita Aboitiz izena jartzeko proposamena egin zuen atzo herriko mugimendu feministak, eta horretarako tramiteak ere hasi dituzte. Emaitzak bidean, eta martxoaren 8az baliatuz, atzo omenaldia egin eta aurrerantzean Aboitizi gorazarre egingo dion plaka jarri zuten plaza horretan bertan, bere senideak lekuko direla.
Galdakaoko Udalak herritarrek emakumeen izenak edo hauekin lotutakoak proposatzeko deialdia hasi zuen 2016an. Horren lekuko da Usansoloko Emakumeen Plaza, Ibaizabal parean, Oletxe eta Pertxin Bidearen artean dagoen eremua. Orain, plaza horri Benita Aboitiz izena jartzeko proposamena egin du Usansoloko mugimendu feministak.
Galdakaon, Urretako plaza bati 2017an Romualda Zuloaga panderojolearen izena jarri zitzaion; Lapurdi eta Bizkai kaleen artean —biribilgunearen ondoan— dagoen plaza berriari Emakume Dinamitarien Plaza… eta 2019an Emakumeen Plaza jarri zitzaion Usansoloko plaza berrienari.
Atzo aldiz, martxoaren 8a aldarrikatzeko dozenaka lagun Usansolon batu zirena baliatuz, aipatutako plazari Benita Aboitiz izena jartzeko proposamena egin zuen herriko mugimendu feministak.
Aboitiz «emakume langile eta ekintzailea izan zan, eta zelanbait, hainbat eta hainbat emakume anonimoen ordezkari» izan daitekela adierazi zuten Maite Lopezek euskaraz eta Nekane Rivasek gaztelaniaz, Usansoloko Talde Feministaren izenean.
Lekeition jaio eta Juan Bautista Larrea Azkuenaga usansolotarrarekin ezkondu zen Benita Aboitiz Araluze, eta «bien bizilekua izateko eraikitako Oletxebarri etxean jaio ziran hareen bost alabak, Usansolon». Alabok oraindik ume zirenean aldiz, Benitari senarra hil zitzaion, baina Aboitizi «ez jakon falta egitasmoak beteteko adorerik», adierazi zuten atzo egungo Emakumeen Plazan.
Baina, nor izan zen eta zer egin zuen zehazki Benita Aboitizek?
Ondoko bideoan laburtu du Binkek atzo usansolotarrek azaldutakoa: