BINKEren webgunea 200.000 pertsona baino gehiagok bisitatu dute lau urte baino gutxiagoan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Erredakzioa
BINKE komunikabidea 2016ko urtarrilean jaio bazen ere, 2020ko apirilean estreinatu zuen bere atari digitala. Bada, 2024arekin batera gainditu du BINKE.EUS webguneak 200.000 pertsona-bisitariren langa, eta ia 400.000 bisita jaso ditu orain arte. «Marka handia, 30.000 biztanle dituen eragin-eremuko komunikabidea izanda», lan-taldearen ustez. Baina bestelako datu esanguratsurik ere argitaratu dugu ondoko albistean.
Covid-19 birusak eragindako etxeko konfinamendua erabakigarria izan zen BINKErentzat. Zerbait «probetxuzkoa» egin behar zuela uste zuen tokiko komunikabide honen lan-taldeak, eta etxean igaro beharreko ordu luzeak BINKE.EUS argitara emateko baliatu zuen Aitor Espinosa eta Naiara Pérez de Villarreal galdakoztarren laguntzaz.
Bada, oraindik 2024ko otsaila hasi besterik ez denean egin —eta hortaz, hiru urte eta 10 hilabete osorik baino ez dituenean bete—, BINKEren webgune honek 200.000 bisitarien langa gainditu berri du, 2020ko apirilean martxan jarri zenetik. «Tokiko komunikabide txiki batentzat marka handia da hori, kontuan izanik BINKEk hartzen duen eragin-eremua ez dela 30.000 biztanlera iristen bi udalerrien artean —Usansoloko eta Galdakaoko biztanleak batuta—», adierazi du pozik BINKEko batzordeak.
Zehazki, 204.689 pertsonek egin dute bat uneren batean BINKE.EUS atariarekin eta ia 400.000 bisita jaso ditu webgune berak, albiste hau idatzi den unean —otsailak 6 goiza—. Orain arte 2.392 eduki desberdin sortu ditu komunikabide honek bere euskarri digitalean eta, hasierako hilabeteetan 3.000 bisita jasotzen zituenean hilero, gaur gaurkoz 11.000 bisitatik gora jasotzen ditu hile bakoitzean.
Bisitari horien gehiengoak Galdakaotik, Usansolotik eta Euskal Herritik bisitatzen du BINKEren atari digitala. Baina euskal eremuetatik kanpo ere badira bi udalerrietako albisteen, iritzien, erreportajeen edota irudien bila sartzen diren herritarrak; hurrenez hurren, Espainiatik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Irlandatik, Suediatik, Frantziatik eta Herbeheretatik ehunka lagun dira urtero BINKE.EUS bisitatzen dutenak, beste lurralde batzuen artean.
Edukien kategoriari erreparatuz gero, aktualitateko albisteak dira bisitatuenak, eta argazki-bildumak bigarrenik. Aldiz, oraindik bi eduki mota hauen kopuruetatik urrun badago ere, estatistikek diote gero eta gehiago direla zuzenean web atariaren hasiera-orrira sartzen direnak, gurean zer berri dagoen jakiteko asmoz.
Arrazoi bategatik edo besteagatik izan, ondo etorriak izan daitezela BINKE.EUS erakuslehiora bisita egiten duten lagunak, Usansoloko eta Galdakaoko gaiek zein pertsonek lekua izaten jarraitu dezaten gu guztion bizitzetan. Lekutxo hori, gainera, euskaraz beteko baitu beti BINKEk.