«Biolentzia linguistikoaz», Jose Inazio Basterretxea
Erretratuak
Jose Inazio Basterretxea Polo
BINKE / 2022ko martxoa
Biolentzia linguistikoaz
Berunezko diru-txanpon faltsua baino guzurrezkoagoa da euskera gatxa dalako epai hori, Laudioko Udalaren kontra magistratu batek plazaratu, eta otsailean jakitera emon izan dana.
Edozeinen esku itxi dau epaileak lehertu ahal izatea administrazio publikoagaz inork daukan lan-hitzarmenaren izpiritua, eta berebat birrindu ahal izatea funtzionario publikoaren lanari dagokion zereginetako bat, zeina dan edozein herritarregaz —baita euskaldunagaz be— hartuemon ahalik eta zuzenena ahalbidetzearen betekizuna.
Epaia entzunda, burura etorri jat pasadizo bat, oso zaharra ez dana:
Kataluniako supermerkatu batean bezero bat oldartu jakon behin kutxako langileari katalanaren erabilera zala-eta, esanez produktu baten etiketa katalan hutsean egoala, ez egoala han idatzitakoa ulertzerik, ez egoala horretarako deretxorik, berak erabateko eskubidea eukala etiketako informazioa jasotzeko gaztelaniaz, gehiegikeria linguistiko bat zala supermerkatu hartan egiten ari zirana… Katalunia osoan zabaldurik zan biolentzia linguistikoaren parekoa.
Langileak etiketari erreparatu, eta esan eutson erosleari:
– Emakumea, bezeroak beti dauka arrazoia, baina, portugesez dago etiketa.
– Ah, beste kupel bateko ardaoa da hori —ordaindu eta joan egin zan.
Eta hori da gertatzen dana, baita euskera gatxa dala diñoen epailearen kasuan ere. Euskera ez da-eta portugesa besteko hizkuntza. Katalana bera ez dan modu berean.
Ostikopean darabile baten batzuek beste batzuen hizkuntza, begirune haundi barik. Gauzak bestela dirala inori erakustea… erreza ez, baina, egingarri izan beharko leuke arean bere.