Bizkai haurreskola bertatik kentzea erabaki dute Udalak eta hezitzaileek
Azpiegitura arazoa
BINKE / 2021eko otsaila
Bizkai haurreskola bertatik kentzea erabaki dute Udalak eta hezitzaileek
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bizkai haurreskola Lapurdi inguruko beste eraikin berri batean egin beharko dela iragarri dute gaur, Udalak eta hezitzaileek elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan. Bertan ez jarraitzeko erabakiaren aurrean, alternatiba aztertzen ari da orain erakunde galdakoztarra.
Bizkai kaleko haurreskola txiki geratu zenean Agirre Lehendakari plazan eraiki zuen berria aurreko Udal Gobernuak. Baina hau ere txiki geratu eta aireztapen zein tenperatura arazoak dituenez, haurreskola bertatik kendu eta beste toki batean —eta eraikin bakarrean— eraikitzea adostu dute eskolako hezitzaileek eta Galdakaoko Udalak. Gaur eman dute horren berri, plazako haurreskolaren aurrean hezitzaileek eta Udal ordezkariek elkarrekin eskaini duten prentsaurrean.
«Oinordetzan hartu dogun arazo bati irtenbidea emon gura deutsagu» esanez hasi du gaurko agerraldia Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, «plaza honetako haurreskolan 44 ume baino ez diralako sartzen eta, beraz, beste erdiek Bizkai kaleko aurreko eraikinean egon behar dabelako».
Ordea, ez omen dira horiek haurreskola honek dituen arazo bakarrak, Laura Valiente Bizkai haurreskolako koordinatzaileak esan duenaren arabera: «Hasieratik jakin eta esan genduan haurreskola honek arazoak emongo ebazala, eta holan da: txiki geratu da zerogarren minututik eta bi eraikinetan banatuta egoteak kudeaketa oso zaila dakar, ez dago aireztapen egokirik, eguzkiak aurrez-aurre jotzen dauanean tenperaturak izugarri altuak dira, gelak oso txikiak dira, patiora ezin gaitekez irten —bi urte arteko umeak daukaguzalako hemen eta barroteen artetik burua sartu ahal dabelako—…».
Arazo horren aurrean, alternatibak bilatzeko lanean hasi zen Udala. Olaia Parra Parte Hartzerako zinegotziak azaldu du 2019ko abenduan hasi zirela guraso, hezitzaile eta inguruko ostalariekin hitz egiten, «eurekaz batera prozesu parte-hartzailea abian jarri eta alkarregaz haurreskola honi irtenbide bat emon guran».
Bilera horietatik bost proposamen atera zituzten, ondoko planoan ikus daitekeen moduan:
- Haurreskola bere horretan mantentzea baina barrutik egokitzea.
- Haurreskola bera plazaren beste aldeko eskilarak arte luzatzea.
- Aperribaiko Katamar haurreskola indartzea.
- Lapurdiko multikirol kantxan haurreskola berria eraikitzea.
- Lapurdiko parkingean haurreskola berria eraikitzea.
Bost proposamen horietatik oraindik ez dute erabaki zehazki zer egin, baina argi duten gauza bakarra egungo —bai Bizkai kaleko zein Agirre Lehendakari plazako— eraikinetatik alde egin behar dutela da. Valientek argi esan du: «Haurreskola honi partxeak jartzeak edo handitzeak ez deusku balio, aireztapen, patio, tenperatura… eta gainontzeko arazo berakaz jarraituko gendulako; eraikin barria behar dogu».
Hezitzaile eta gurasoek hartutako erabakia Udalak entzunda «guri orain alternatiba bat bilatzea baino ez jaku geratzen», esan du Asier Egiraun Hezkuntza eta Hirigintzako zinegotziak, eta gaineratu: «Gure aukerarik gustukoena, behar doguzan 73 umeen plazak bateratu ahal izateko, Lapurdiko parkingaren aldamenean eraikin bakarra sortzea da, baina ondo ikertu behar dogu horretarako aukerarik dagoan». Kurtzea inguruko bi urte arteko umeentzako eskola denez, argi azpimarratu dute herrigunean egon behar duela Bizkai haurreskola berriak.
«Prozesu luzea» izango dela iragarri du Egiraunek, «faktore asko hartu behar diralako kontutan proiektu potolo honetan», baina Bizkai haurreskolak Bizkai kalean eta Agirre Lehendakari plazan egoteari utziko diola errealitate bat da honezkero.
Bizkai kaleko haurreskola alokairuan du Udalak, baina plazako eraikin horrekin, zer egingo da eskola hortik kentzen denean? Horixe bera galdetu die prentsak gaurko agerraldian parte hartu duten udal ordezkariei, eta «eraikin honi zein erabilera emon erabakitzeko beste prozesu parte-hartzaile bat jarriko dogu martxan» erantzun dute Parra eta Egiraun zinegotziek.