Bizkaia Isilik: «Etorkinen egoeraren aurrean ezin genuen beste alde batera begiratu»
Galdakaoko Bizkaia Isilik elkartea
BINKE / 2018ko abendua
«Etorkinen egoeraren aurrean ezin genuen beste alde batera begiratu»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Ixone Muñiz Arana
Errefuxiatu eta etorkinen auziari konponbidea eman, elkartasuna adierazi eta hauen eskubideen alde borrokatzeko jaio zen «Bizkaia Isilik» eginkizuna. Bizkaiko zenbait herrik emandako pausuei jarraituz, Galdakaon ere sortu dute aurten taldea.
Nortzuk osatzen duzue Galdakaoko «Bizkaia isilik» taldea? Emigranteen eta emigrazio prozesuan egiten ari diren akatsak azaleratu nahi ditugunok. Izan ere, pertsonak daude aurretik, sexua, azalaren kolorea edota jatorria kontuan izan barik. Zeharo xumea da taldea, eta guztion borondatearekin egiten dugu aurrera. Bileretan zortzi bat pertsona elkartzen gara eta gure artean aniztasuna da nagusi.
Nolatan eman zenioten hasiera egitasmo honi? Beharra agerikoa da, etorkinen egoera larria baita oso: nola heltzen diren, izaten dituzten irtenbide eta aukera eskasak… Baina arazo guzti hauen aurrean ez da erantzulerik agertzen. Guk ezin genuen beste alde batera begiratu, eta horregatik jarri ginen Bilboko Bizkaia Isilik taldeko koordinatzailearekin harremanetan, Galdakaon ere eginkizun hau martxan jar zedin.
Beste elkarte batzuekin ere arituko zarete elkarlanean… Bai horixe! Sortu ahala, Galdakaoko beste erakunde batzuekin harremanetan jarri ginen. Udalak —Ibon Uribek berak— animatu gaitu horretara. Hurbil sentitzen ditugu, esaterako, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Galdakaoko Eliza.
Zergatik «Bizkaia isilik» izena? Ekimenetik bertatik datorkio izena: deialdietan bildutako jendea borobil batean jartzen da, denak isilean. Prestatutako komunikatua entzun eta gero, hiru bira ematen dira bi aldeetara. Denak zama sinboliko ederra dauka: gizartearen dinamismoa, kontzientziazioa…
Hilero elkartzen zarete plazan. Zelakoa izan da orain arteko erantzuna? Bai, hileko azken asteazkenero elkartzen gara Iturrondo plazan, arratsaldeko 19:30ean. Galdakaon jarduera berria denez, ez dugu jendetzarik izan, baina gero eta gehiago etortzea espero dugu. Familia guztietan, era batean edo bestean, emigranteak izanik, zelakoak izango ginateke gertatzen ari diren ezbeharrei erantzunik emango ez bagenie? Premiazkoa da gizartea kontzientziatzea eta lehenbailehen irtenbideak lortzea.
Zer aldatu beharko lukete aginteek etorkinen ongizatea be matzeko? Ez dago dena aginteen esku, guk geuk ere badugu zer egin. Hala ere, eskatzen duguna zera da: alde batetik, pertsonen salerosketa errotik apurtu eta biktimak babestea. Horrez gain, ezinbesteko ikusten dugu gure herri eta hiriak lur abegitsu bihurtu eta etorkinen oinarrizko beharrizanak asetzea. Horretarako, aurrekontuetan migrazio-politika egokirako partidak esleitu behar dira. Eta noski, nahi izan gabe egiten diren migrazioen arrazoiei aurre egitea ere nahitaezkoa da.