Bizkaiko planta fotovoltaikorik handiena izango du Gorozibaik, 3.000 etxebizitza hornitzeko beste
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gorozibaiko Basañez egur fabrika zaharraren lurretan, RCD izenez ezaguna izan zen hondakinen instalazioa eraiki gura zuten lur eremu berean, Bizkaiko planta fotovoltaikorik handiena eraikiko du Galdakaoko Udalak: 3.000 etxebizitza inguru energiaz hornitzeko adina elektrizitate ekoizteko gaitasuna izango du.
Iazko urtera arte polemika bizian murgilduta izan dira Gorozibaiko Basañez egurren fabrika zaharreko lurrak, bertan baitziren eraikitzekoak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen instalazio berria —gaztelaniazko RCD hizkiez ezagunagoa izan dena—. Aurtengo maiatzean aldiz, Galdakaoko Udalak lur horiek enpresa jabeari erostea onartu zuen udalbatzan. Eta lur horietan orain Bizkaiko planta fotovoltaikorik handiena eraikiko dute.
Esan bezala, iaz beste ustiapen mota baterako erosi zuen enpresaren eskutik hartu du Udalak lur eremu hori, hitzarmen expropiatorio baten bidez. Hau da, «enpresa hark lur horretan inbertitutako diru kopuru bera ordaindu du Udalak lurraren jabe egiteko: enpresak subastan lurragatik ordaindu zuen diru kopuruari garbiketa, eraiste eta deskontaminazio lanen kostua gehitu zaio, eta horixe da Udalak enpresari ordaindu diona, ez gehiago», azaldu zuten barikuan Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak, Gorozibai Auzo Elkarteko Geli Barañano eta Aroa Sagarminaga kideekin eta Iñaki Urgoiti Usansolo Herria plataformako ordezkariarekin batera egindako prentsaurrekoan.
Lur eremu handia da, guztira bederatzi hektareatik gora ditu eta bertan «sei megavatiora arteko arteko proiektua gauzatu daiteke bertan», azaldu zuten lur horietan egindako aurkezpenean, «horrek esan nahi du 3.000 etxebizitza inguru energiaz hornitzeko adina elektrizitate ekoizteko gaitasuna izango duela planta honek». Bizkaia osoko instalazio fotovoltaikorik handiena izango da, gaur gaurkoz, Gorozibai auzo usansolotarrekoa. «Proiektu hau apustu handia da trantsizio energetikoaren bidean», adierazi zuen Hernandok.
Gainera, planta honek izango duen kudeaketa eredua ere nabarmendu zuen Galdakaoko ordezkari nagusiak, alegia, udalak parte izango baitu honen kudeaketan, «baina herritarrek ere izango dute bertako parte izateko aukera». Modu honetan, «proiektu publiko-komunitario» bezala hartuko dute proiektua. Eta horregatik kooperatiba sortzeko aukera ez du baztertzen Udalak, Hirigintza zinegotziak aitortu bezala: «Kooperatiba horretan bazkide egiten diren herritar kopuruaren arabera, handiagoa edo txikiagoa izango da planta fotovoltaikoa».
Lur eremu hori ustiapen horretarako egokia dela ondorioztatu dute egindako azterketek, eta hala zehaztu Egiraunek: «Hegoaldera begira dago, eguzki ordu asko ditu, beroa da, eta bertan sortzen den energia maila handia da Bizkaiko zein Euskal Herriko beste leku askorekin alderatuta». Gainera, azalpen horri ondokoa ere gehitu zion Hirigintzako arduradunak: «Ez da lur birjina edo esplotatu gabea. Jada zikinduta dagoen lur bat da, kutsatuta egon den lur industrial bat. Beraz, degradatuta dagoen eremu bat berriztatu eta berrerabiliko da».
Usansolotarrek, bere aldetik, «pozik eta eskertuta» hartu dute Udalaren erabakia. Usansolo Herriako zinegotziak «auzoan zegoen arazoari irtenbidea eman zaiola» esan zuen. Basañez egur enpresak urtetan «auzoan eragin zituen zarata eta kamioien joan-etorria» gogoratu zituen zinegotziak, eta enpresa gainbehera erori zenean egoerak okerrera egin zuela salatu: «Kutsadura, zikinkeria, utzikeria eta arriskua nagusitu ziren hemen».
Gorozibai Auzo Elkarteko kideek, bizilagun diren heinean, «gustura» jaso zuten proiektuaren berri: «Pozarren gaude. Proiektua aurkeztu zigutenean zerua zabaldu zitzaigun. Basañezekin gaizki geunden eta, beste proiektuarekin —RCD proiektuarekin—, ikaratuta. Oso pozik gaude. Eredu hau jarraitu behar litzateke leku guztietan; etorkizuna da».