«Buru-bihotza»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2018ko maiatza
Gure gorputza, anatomikoa izanik, sinismen eta kultura ezbardinen eraginez, sinbologiaz beterik etorri jaku historian zehar. Atal bi aipatuko doguz: burua eta bihotza. Aristotelesentzat, gizakiaren adimen eta sentimentuak bihotzean egozan eta osteko askok be holan pentsatu izan dau. Hizkuntza, bizitzaren ispilua danez, berba bakoitzaren azterketa diakronikoak, jatorrira eroango gaitu. Kasurako, latineko, «cor + dare (dar el corazón) > cordere > cerdere > credere > creer» bilakatu da gazteleraz. Gazteleraz, berba asko daukaguz bihotzagaz lotuta, esaterako: «corazonada, descorazonado, manos al corazón», etab. Dirudienez, sentimentuak bihotzean dagoz. Kultura honek eragina izan dau euskal munduan be, eta badaukaguz bihotzari begirako berbak, esaterako: «bihozbera, bihozgogor, bihozkada», etab. Baina euskal kultura zaharrera bagoaz, guk euskaldunok, bihotza barik burua erabili dogu erreferente legez. Adibidez: «norbere buruari esan; burua bota; burua erabili; burua sorbalda gainean; eskuak burura eroan»; etab. Eta guzti hau borobiltzeko aiko esaera zahar hau: «Zeinbat buru, hainbat aburu».