EAJk eta PSEk Olabarrietako auzokideak entzutea eskatu diote Udalari
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Olabarrietako auzokideen kexen harira, Udalak bertan behera utzi du ondarearen katalogoa berritzeko prozesua. Auzokideentzat ordea, neurria «ez da nahikoa» eta EAJk eta PSE-EEk hauek entzuteko eskatu diote Udal Gobernuari.
Olabarrietako auzokideak duela hainbat egun hasi ziren ondarearen katalogoaren kontrako mobilizazioekin. Haien etxeak katalogoaren barruan sartzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak abenduan baina auzokideen kexen ondorioz Udal Gobernuak prozesua bertan behera utzi du.
Olabarrietako Bizilagunen Plataformarentzat ordea, hau «ez da nahikoa»: «Guk eskatzen duguna ez da prozesua gelditzea, baizik eta gure etxeak katalogotik kentzea». Horregatik, gaur bertan udaletxean batu dira «gure etxeak gureak dira» lelopean.
Galdakaoko EAJk eta PSE-EEk «informazio eta transparentzia falta» leporatu zioten Udalari Olabarrietako etxeen kasuan, Binkek jaso zuen moduan. Bertan behera uzteko erabakiaren ostean ere, auzokideak entzuteko eskatu diote alderdiek Udal Gobernuari. «Talde politiko horietako inork gure ondare aberatsa babesten eta balioesten duen Galdakaoko kultur ondarearen katalogo on bat onartzearen beharra zalantzan jartzen ez badugu ere, ezinbestekoa da kontuan hartzea, herritarrei eragiten dien neurrian», adierazi dute alderdi biek sinatutako oharrean.
«Inposaketa eta opakutasuna» saihestu behar dituela azpimarratu dute, informazio gehiago eskatuz. Izan ere, «deigarria izan da auzokide askorentzat eta korporazio honetako kideentzat, herritar guztiei eskaintzen zaien katalogoko informazioak eta osoko bilkurak onartutakoak ezaugarri desberdinak biltzen dituztela».
Guzti hau argitzeko, mozioa aurkeztuko dute osoko bilkuran. Honetan, Olabarrietako etxebizitzen jabe diren auzokideen partaidetzarik edo Udal Gobernuaren aldez aurretiko informaziorik gabe landutako ondare katalogo batean sartzea baztertzea eskatuko diote alde batetik.
Bestetik, prozedura behin betiko geldiarazi eta auzokide guztiekin ulertzeko eta elkarrizketarako bideak irekitzea aldarrikatuko dute eta herritarrei informazio teknikoa eta erabakitzeko ahalmena ematea eskatuko dute. Halaber, eraikinak babesteko beste alternatiba batzuk bilatzea beharrezkoa dela adieraziko diote Udalari, besteak beste, PGOU-aren bitartez.
Azkenik, gertatukoaren legezkotasunari arreta emateko tresnak eskaintzea eskatuko dute EAJk eta PSE-EEk.