EAJk Galdakaoko Udalak egingo duen zerga igoera kritikatu du
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko udalbatzak %3ko zerga igoera onartu zuen atzo antolatutako ezohiko osoko bilkuran. EAJk kontra bozkatu zuen, gaur egun igoera hori «premiazkoa ez dela» adieraziz. Jeltzaleek salatu dute Udal Gobernuaren kudeaketa ekonomikoa «zalantzagarria» dela eta «aurrekontuetan aldaketa ugari» egin dituztela.
Galdakaoko udalbatzak ezohiko osoko bilkura antolatu zuen atzo, azaroak 10. Honetan, zergak %3 igotzea adostu zuten, EH Bildu eta Usansolo Herriaren aldeko boto, Auzoak eta PSE-EEren abstentzio, eta EAJ-PNVren kontrako botoekin.
Jeltzaleek gogor kritikatu dute Udal Gobernuak hartutako neurria izan ere, uste dute «premiazkoa ez dela une honetan». Ainhoa Agirregoikoa alderdiaren bozeramaileak atzo egindako prentsaurrekoan azaldu zuenez, «familientzat nahiko zaila den testuinguru batean egin dute igoera».
«EH Bilduk igoera egin du Bizkaiko beste herri batzuek egin dutelako baina kontuan izan behar da udalerri bakoitzak bere idiosinkrasia eta kudeaketa ekonomikoa duela», aldarrikatu zuen Agirrekoikoak.
Galdakaoren kasuan, egungo Udal Gobernuaren kudeaketa ekonomikoa «zalantzagarria eta kezkagarria» dela azpimarratu zuen: «Aldaketa asko egin dituzte onartutako aurrekontuetan eta horrek desoreka handia sortu du gastu eta sarreren artean».
«Ezin zaie herritarrei esfortzu bat eskatu gastua kontrolatzen ez bada. Lehenbizi gastua kontrolatu behar da eta gero zerbitzuen kalitatea bermatzeko dirurik ez badago, orduan bai herritarren laguntza eskatu eta zergak igo», azaldu zuten jeltzaleek.
EAJk salatu zuen zerga igoera orokorraz gain, tasa batzuk %5, %20 eta %100 igoko dituztela. Besteak beste, komertzioak irekitzeko tasen igoera, padel pistako erabiltzaileentzat gehigarria eta zabor bilketaren tasaren igoera aipatu zuten jeltzaleek.
Hau guztia eta Galdakaoko Udalak Udalkutxaren eskutik 23 milioi euro jasoko dituela kontuan hartuz, jeltzaleek 2024ra arte zergak, prezio publikoak eta tasak izoztea proposatu zuten. «Erabaki hau herrian pentsatuz hartu dugu», azpimarratu zuen Agirregoikoak.