Eider Eibar eta Miren Amurizak irudikatuz eta kontatuz aurkeztu dute Sormenen «Kokonutt» lan berria
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Eider Eibar eta Miren Amurizak irudikatuz eta kontatuz aurkeztu dute Sormenen «Kokonutt» lan berria
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Sorkuntzen Galdakaoko plazak 12:00etan hasiera eman dio egunak izango duen hirugarren literatur aurkezpenari. Honetan, Miren Amuriza eta Eider Eibar egon dira «Kokonutt» liburua aurkezten.
Torrezabalen bertsotan askotan ibilitako Miren Amurizak aurkeztu du gaur bere azken obra Sormenen. Amuriza euskal kulturan pertsonaia ezaguna da, idazle eta bertsolaritzaren munduan ibilbide aipagarria izan duelako. Hamalau liburu argitaratu ditu bere bizitzan zehar, eta azkena, 2020an argitaratutako «Kokonutt» obra da. Gaurkoan, Amurizak hogei kapitulutan banatutako liburuaren nondik-norakoak azaldu ditu, eta bitartean, Eider Eibar galdakoztar margolariak Amurizak esandakoak irudikatu ditu, Eibar liburuaren ilustratzailea baita.
Konfinamendu garaia hausnartzeko garaia ere izan da, eta hain zuzen ere, konfinamenduan zehar «Kokonutt» liburua idaztea bururatu zitzaion Amurizari. Liburua ere konfinamendu garaian kokatzen da, Iparraldeko hiri hotz batean. Bertan, idazleak komiki batetik irtenda dirudien zazpi eta hamaika urte bitarteko ume bat topatzen du metroaren eskaileretan jarrita. Umearen izena Dorota da, eta gazteak etxetik alde egin duela aitortzen dio idazleari. Dorotak duen ezaugarri bat heldu izatea gustatzen zaiola da. Bestalde, badu bere alter ego-a, Kokonutt izenekoa, egunen batean artista eta kantari famatu izatera animatzen duena. Liburuaren trama gazteak idazleari kontatzen dion istorio harrigarri batean oinarritzen da.
Nahiz eta «Kokonutt» publiko ororentzat aproposa izan, haur literaturaren parte da. Amurizak Sormenen aipatu duenez, haur literaturan ikusten duen arazoetako bat umeentzako umeek idatzitako libururik ez dagoela da. Gainera, idazleak argi dauka helduen eta umeen mundu ikuskera ezberdina dela, hori dela eta, ipuinean zehar umeen ahotsa irudikatzen saiatu dira bi artistak; Amurizak ume ikuspegitik idatziz, eta Eibarrek zazpi eta hamaika urte bitarteko ume batek sentitzen duena irudikatzen saiatuz.
Oholtza gainean Amuriza eta Eibar izan ondoren, Miren Agur Meabe solasean ibiliko da bere azken obra aurkezten: «Nola gorde errautsa kolkoan». Gaurko eta biharko Sormeneko saio guztiak gure webuneko hasiera-orritik jarraitu ahal izango dira zuzenean.