Elorritxuetako adingabeen zentroaren egoera «kaskarra» dela salatu du LAB sindikatuak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Emankor Sarea
Elorritxuetako adingabeen zentroko erabiltzaile zein langileen egoera «kaskarra» dela salatu eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eskatu du LABek. Sindikatuaren esanetan Bizkaiko Foru Aldundia eta Landalan enpresa kudeatzailea dira honen erantzuleak. Albiste honetan batu ditugu LABen aldarrikapenak.
Landalan enpresak kudeatzen du Elorritxuetan kokatuta dagoen Bizkaiko Foru Aldundiaren adingabeen zentroa. Orain dela urtebete ordea Landalanek zerbitzua emateari utziko ziola adierazi zien langileei eta komiteko ordezkariei, LABek ezagutzera eman duenez.
Ordutik, Landalaneko zuzendaritzarekin zein zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako buru izan den Sergio Murillorekin hainbat bilera egin dituzte sindikatuek komiteko kideekin batera. Hauetan, «Landalanek zerbitzua emateko aukerarik ez zuela ikusten esaten zuen, eta Aldundiarekin zuen hitzarmena bukatzerakoan zerbitzua emateari utziko ziola iragarri zuen».
Horretarako, enpresa berriari subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola agindu zuela azaldu du LABek. Ordutik aldiz, «zerbitzua ematearen hitzarmena hainbatetan luzatu dute, eta langileen lan baldintzak hitzarmen batetik betera kaskartu dituzte, hilabetez hilabete langileen lan osasuna jokoan jartzeraino».
«Gogoan izan behar da Landalan urteetan zehar sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hau guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela. Bitartean, ezkutuko kaleratzeak martxan jarri dituzte eta hainbat langile kaleratuak izan dira», salatu dute sindikatutik.
Elorritxuetako zentroaren egoera «kaskarra» dela azpimarratu dute, gaur egun «oso larria» dela nabarmenduz: «Ratio falta dago. 42 erabiltzailerentzako plaza itunduak izanik 82 erabiltzaile egotera ailegatu baitira, eta hori guztia langile gehiago jarri gabe, erabiltzaileentzako espazio duinik gabe eta haien bizi proiektua aurrera eramateko espaziorik gabe. Material faltarekin, higienerako material faltarekin eta erre ziren koltxoiengatik eraikinean gertatutako sutearekin, besteak beste».
Egoera honen erantzuleak Bizkaiko Foru Aldundia eta Landalan enpresa direla adierazi du sindikatuak eta zerbitzuaren «publikotasuna eta kalitatea bermatzeko» eskatu die: «Beste behin ere argi geratu da publikoak izan beharko liratekeen eta Aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela».
Hain zuzen egoeraren larritasuna salatzeko langileek mobilizazioak egingo dituztela iragarri du LABek. Lehenengo hitzordua uztailaren 28an izango da, Ugaskon, Gizarte Ekintzako bulegoen aurrean.
Binke Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzarekin harremanetan dago, albiste honetan batutakoak alderatzeko asmoz. Informazioa osatzen joango gara.