Eltxo tigreari aurre egiteko gomendioak kontuan hartzeko deia egin du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Anticimex
Eusko Jaurlaritzak eltxo tigrea Hego Euskal Herriko herri askotan egonkortuta dagoela jakinarazi du, tartean Galdakaon. Egoera honi aurre egiteko kanpaina jarri dute martxan eta Galdakaoko Udalak hainbat gomendio kontuan hartzeko deia egin die herritarrei.
Hiri-izaera duen eltxoa da tigrea, egunez ziztatzen duena, eltxo arruntak ez bezala. «Arriskutsua» izan daiteke, ziztadak hainbat sintoma eragitzen ditzakeelako, besteak beste, sukarra, hotzikarak, konjuntibitisa, lunbalgia edo artikulazioetako mina.
Horregatik, prebentzio neurriak hartzea garrantzitsua dela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, izan ere, Hego Euskal Herriko herri askotan egonkortuta dago, tartean Galdakaon.
Egoera honi aurre egiteko helburuz kanpaina jarri dute martxan, eta Galdakaoko Udalak hainbat gomendio luzatu dizkiei herritarrei, prebentzio neurriak zehazki. «Prebentzio neurriak hartzea da metodorik onena, zehazki, «ur pilaketak kentzea, uretan haien larbak ez hazteko».
Horregatik, «funtsezkoa da orubeak hazkuntza foku ez izateko moduan edukitzea, leku publiko nahiz pribatuetan»:
- Kanpoan dauden eta euriaren edo ureztatzearen ondorioz ura pilatu dezaketen objektu guztiak kenduz
- Elementu finkoak eta kendu ezin diren objektuak badira, gutxienez astean bitan begiratuz
- Lurreko zuloak tapatuz, ura etengabe atxikitzen den lekuetan
- Zuhaitzen zulo eta hutsuneetan ura pilatzea saihestuz, lehortuta edo zuloa estaltzeko materialen bat jarrita (hondarra, igeltsua), ura sartzea eta pilatzea galarazteko
- Neurri fisikoak jarriz, eltxo tigrea ez sartzeko dauden ur masatara (esate baterako, argi finezko eltxo-sareak kutxatiletan, hobietan, etab.)
- Kalean paperontziak jartzerakoan, azpian zuloak dituztenak aukeratuz, urik pilatu ez dezaten
Erabiltzen ez diren baratza, orube eta lursailak eltxo tigrearen ohiko foku izaten dira, horregatik «ezinbestekoa da leku horiek eltxoen hazkuntza foku ez izateko moduan edukitzea, arreta berezia jarrita bazter utzitako zabor, lanabes eta altzarietan».
- Hilerriak: lore edo apaingarrien ontziek ez dute urik pilatu behar; saihestu daiteke, adibidez esponjak jarrita edo ontziak zulatuta
- Eskolak: jolaserako elementuek ez dute ur geldirik eduki behar, batez ere oporretan, kontrolatu gabe egon daitezke-eta luzaroan
- Bide publiko eta lorategietako ureztatzeak: kontrolatuta egin behar dira, urik istildu ez dadin. Soropilen edo belardi begetalen ureztaketak klimara egokitzea, batez ere euri erregimenetara, gehiegizko ureztatzeak saihestuz, ura ez pilatzeko edota hezetasun gehiegi ez sortzeko
- Iturriak edo bestelako apaingarriak, hala nola urmaelak edo bestelako instalazioak: etengabe zaindu behar dira, larbarik ugaldu ez dadin hango uretan
- Saneamendu sareetako ura: ongi kudeatu behar da, bereziki kainu-zuloak zainduz. Kaleetako kainu-zuloak elementu arriskugarriak dira, eltxoak haz daitezke eta; izan ere, ura edukitzen dute beti, zikin samarra askotan, eta etxebizitzetatik oso gertu dauden elementuak dira. Dekantazio sistemak izan behar dute oinarri diseinatzean, ahalik eta ur gutxien metatzeko eta zingiren arteko maldak behar bezala mantentzeko, ura gelditu ez dadin. Kainu-zuloak garbi eduki behar dira, eta ura atxikitzen bada, aldiro-aldiro hustu behar dira
Eltxo tigrea kudeatu eta kontrolatzeko, eltxoaren habitata izan daitezkeen lekuak identifikatu eta aldiro-aldiro ikuskatzea komeni da. Horretarako, lagungarri litzateke kartografia bat egitea, haztegi izan daitezkeen herriko puntuak zehaztuta, behintzat, bide publikoan dauden puntuak.