Eskerrik asko izan zinen modukoa izateagatik, Manu
Peña Santa Cruz elkartea
Esker oneko gutuna
Manu Jugo Barrenetxea galdakoztar sukaldariak —argazkian, ezkerretik lehena— uztailaren 20an agur esan zigun, eta maitasun keinu asko zabaldu ziren orduan bere omenez. Orrialde honekin, Peña Santa Cruz elkarteak gutun ireki hau argitaratu gura izan du Binkeren bidez. Gugan bego, Manu.
Galdakaok ezagutza ugari eta askotarikoak dituzten pertsona handiak ditu eta izan ditu, eta horiek, gure harrotasunerako, gure herria ohoratu eta handitu dute egon diren leku guztietan.
Une patxadatsuago honetan guk, Peña Santa Cruz elkarteko eta Edu Madina adiskideok, omenaldi hunkigarri eta maitakorra egin nahi diogu horietako bati: Manu Jugo Barrenetxeari, handi bati, letra larriz idatzita, joan den uztailaren 20an, 39 urte zituela, bizitza betean utzi gaituenari.
Gure lagun Manuren heriotzak agerian utzi digu herri osoak berarenganako zuen maitasuna. Pertsona aparta, eskatzen zion edonori beti mesedeak egiteko prest zegoena. Aukera eman zigun bere ezagutza pribilegiatuak eskuratzeko, eta horregatik zor dizkiogu oraindik hainbat eta hainbat esker on, haiek jasotzean izan zuen apaltasunagatik are gehiago azpimarratzen baitzioten bere balio eztabaidaezina.
Jatorra, alaia, ekintzailea eta nekaezina zen pertsona, gaztetatik izan zuen sukaldaritzarako gaitasuna eta bokazioa, ahalegin handiz eta temati perfekzionatuz joan zen, une honetako sukaldari nabarmenetako bat izatera iritsi arte.
Eguzkibegi Ikastolan hasi zituen ikasketak. Unea iritsi zenean bere grinetako baten alde egitea erabaki zuen, sukaldearen alde. 2002an Bengoetxeko Ostalaritza Eskolan sartu zen, Andra Mari jatetxean praktikak egiten hasi zen, Joxemi Olazabalaga ahaide eta adiskidearen zuzendaritzapean, Andoni Luis Adurizen eta Martin Berasategiren jatetxeetan jarraitu zuen bere karrera ekintzailea, gero Valentziako El Poblet jatetxean, Quique Dacosta sukaldariarekin, Erroman, Sevillan, Mallorkan eta Alacanten lan egin zuen… Eta Euskadira itzultzea erabaki zuen, bere jaioterrira, Galdakaora. Han, beste bazkide batzuekin batera, Topa taberna-jatetxea ireki zuen, eta sutea bere ardurapean geratu zen. Azken aldian, Monterreyko sukaldean ibili da, Bilboko kale nagusian.
Peña Santa Cruzetik Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoetarako laguntza eskatzen genionean —batez ere programan sartu genuen «show cooking» berritzailearen ordezkarietako bat izan zedin— inoiz ez zuen zalantzarik izan. Beti egoten zen gu laguntzeko prest, zeukan eta ahal zuen onena emanez, bere jakintzarekin eta ezagutzarekin, parte-hartzaile nabarmena eta berritzailea izan zen, eta gure eskaera ugariei laguntzera etortzen zen, bere lagun eta aholkulari Aizian jatetxeko Joxemi Olazabalagarekin.
Agur. Gero arte, Manu. Eskerrik asko izan zinen bezalakoa izateagatik, eskerrik asko eman zenigun guztiagatik. Faltan botako zaitugu, eta zurekin igaro izan ditugun une on horien oroitzapen atseginak geratuko zaizkigu.