
Estefania eta Borja Martinez: «Gure izateko moduan ere eragin handia izan du dantzak»
Estefania eta Borja Martinez, dantzariak
BINKE / 2024ko martxoa
«Gure dantzarako guk diseinatzen ditugu eta gure amak josten dizkigu»
- Borja Martinez
1987, Galdakao
- Estefania Martinez
1981, Galdakao
Borjak Begoñako Andra Marin irakasle izateko diplomatura ikasketak egin bazituen ere, eta Estefaniak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziatura, Martinez anai-arrebek hasieratik izan dituzte aretoko dantzak pasio. Eta euren pasioa ogibide bilakatzea lortu dute sakrifizio, formazio eta dantza-txapelketa asko irabazi ostean. Beraiek dira, besteak beste: 2016ko Espainiako 10 dantzen txapeldun, Espainiako dantza Standarden txapeldunorde eta latinoen txapeldunorde. Orain, ireki berri duten Be Move dantza-eskolan burubelarri dabiltza.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Eli Ferreira (estudiokoak) ETA DS Photo (dantzan)
BINKEren azal bateko lehenengo dantzari profesionalak dira Borja eta Estefania anai-arrebak, gazteak izan arren 20 urtetik gorako ibilbidea dutenak eta orain hiru urte pandemia betean eskola propioa abian jarri duten senide galdakoztarrak. Garai zail hartan, gainera, BINKEk sortu zuen Koarentena Artistikoa ekimenean parte hartu zuen bikoteak, bere borondatez doako dantza ikastaroak eskaintzeko gure mugikorren bidez.
Anai-arreba zarete. Horrek laguntzen al du dantzarako elkar ulertzean? Uste dugu hori gutxienekoa dela. Egia da anai-arreba izanda eta hurbil bizita —txapelketen garaian elkarrekin bizi ginen gainera— entrenatzeko denbora gehiago izan dugula, baina gure arteko dantzarako adostasuna entsegu orduek ekarri dute, ez senideak izatea.
Erraza al da entseguetan familiako gorabeherak alde batera uztea? Eztabaidetan beti desberdindu ditugu asko esparru profesionala eta familiarra. Dantza aretoan izan dugun eztabaida beti saiatzen gara etxera ez eramaten, eta alderantziz. Hainbeste denbora elkarrekin igarota saihestezina da ika-mikaren bat sortzea —bereziki txapelketen garaian, presioa handiagoa delako—, baina beti konpondu ditugu bizitza familiarra edo profesionala kaltetu barik.
Bikote sentimentaltzat hartu al zaituzte inoiz? Txapelketetan ibiltzen ginenean gehienek bazekiten anai-arreba ginela, mundu horretako gehienok elkar ezagutzen baitugu —gainera ohikoa da horrelako kasuekin topo egitea—. Baina orain, beste dantza estilo batzuekin ari garela, bikote izatearekin erratu izan gaituzte inoiz, bai, baina ohituta gaude (irribarretsu).
Beste ezaugarri askoren artean, zuen dantzatzeko modua oso sentsuala da. Zenbatekoa da bi dantzarien arteko konfiantza? Dantzari bien arteko konfiantza oso garrantzitsua da, noski, baina ia edozein estilotan. Garrantzitsuena baino, oinarrizkoa da dantza horrek adierazi gura duena modu naturalean adierazi ahal izateko.
Ohikoa da zuek elkarrekin dantzan ikustea. Dantzatu al izan duzue inoiz bakoitzak bere aldetik? Gaur egun 16 urte inguru daramatzagu elkarrekin dantzan. Hala ere, garai berean dantzatzen hasi baginen ere, ez ginen elkarrekin batera dantzatzen hasi. Borja gure lehengusinarekin hasi zen dantzan, eta bost urte inguru egin zituzten txapelketetan elkarrekin. Estefania ere aritu izan zen beste bikote batzuekin, baina 2008an elkarrekin hasi ginen lanean eta… gaur arte.
Dantzatzerako orduan ba al duzue komunikazio-koderik? Ez, hainbeste entsegu-orduren eta txapelketaren ostean elkarri ezer esan gabe ulertzeko gaitasuna garatu dugu. Prestatutako koreografia batean nahi beste orduko entseguak egiten ditugu, eta hor ez dago ezer esan beharrik. Inprobisaziorako aukera gehiago ematen duten dantzetan, saltsa edo bachata estiloetan adibidez, ‘leader’ eta ‘follower’ teknika onarekin lortzen dugu komunikazio barik elkar ulertzea.
Aretoko dantzen artean, zein da gustukoen duzuena? Galdera honi erantzutea asko kostatzen zaigu beti, denak gustatzen zaizkigulako, egia esan. Baina bat aukeratu beharko bagenu… lehenik aretoko dantzen bi kategoriak desberdindu beharko genituzke: ‘standard’ eta latinoak. Oso izaera desberdina duten elkarren artean.
Eta zein duzue gustukoen kategoria bakoitzean? ‘Standard’ kategorian Vals Ingelesarekin geratuko ginateke, eta latinoetan runba-boleroarekin, biak oso dotoreak direlako eta ondo sentiarazten digutelako.
Eta zein iruditzen zaizue zailena? Dantza bakoitzak bere izaera, teknika eta zailtasunak ditu. Baina kategoria bakoitzeko bana aukeratu beharko bagenu, ‘standard’ kategorian Slow Fox izenekoa aukeratuko genuke —soltura handia eskatzen duen dantza delako—; eta latinoen artean zailena agian runba-boleroa da. Zaila da horrelako dantza bat ondo dantzatuta ikustea, ohikoa baino dantza geldoagoa delako, eta teknika onarekin zein interpretazio onarekin egiten ez bada, ez da polita geratzen…
Aukerarik eman al dizue dantzak euren jatorriko herrialderen bat ezagutzeko? Asko dira jatorriko herrialdeak, baina zorionez izan dugu euretariko askotan egoteko aukera, bai! Hala ere, jatorriaz ari garela, gaur egun influentzia handiak daude aretoko dantzen artean estilo batetik bestera. Eta gaur egun ez dira dantzatzen hasieran bezala eta jatorrizko herrialdeetan bezala.
Bachata bere jatorrian dantzatzeak, Dominikar Errepublikan esaterako… Errespetua, motibazioa ala beldurra ematen du? Borja Dominikar Errepublikan izan zen. Han egon zen garaian ez zen oso ibilia oraindik bachata estiloan, eta ez zuen gainera jende askorik aurkitu ondo dantzatzen zuenik. Dena dela, Europan dantzatzen den bachata eta han dantzatzen dena oso diferentea da. Hori bai, guri asko gustatzen zaigu bachata tradizionala eta ikaragarri gustatuko litzaiguke bere jatorrira ikastera joatea!

Hitz egin dezagun janzkeraz. Nork aukeratzen ditu eta zein irizpiderekin? Guk diseinatzen ditugu gure jantziak. Borjaren kasuan, ‘standard’ kategorian eta maila batetik gora beti joan behar da frakarekin jantzita, baina bestela Borjak ere bere trajeak diseinatzen ditu.
Eta jakingo zenukete esaten dantzarako zenbat arropa desberdin dituzuen? Buf! Zaila da jakiten, askotxo dira-eta! (barreka) Baina kalkulu arin bat eginda… Esango genuke Borjaren kasuan 30 praka inguru eta 40 ‘bodie’ dituela. Eta Estefaniaren jantzi-kopurua… 50etik gora, erraz!
Zuek diseinatutakoak direla jakinda, janzkera da akaso inbertsio handiena eskatzen dizuena? Ez. Zorte handia dugu, gure amak josten dakielako! (irribarretsu) Eta kalitatezko materialetan inbertitu behar izaten badugu ere, bada inbertsio handiagoa eskatzen duen alderdirik: txapelketetara bidaiak, egonaldiak, izen-emateak, formakuntza… Azken horretan, gainera, gero eta maila altuagoa izan, orduan eta irakasle garestiagoak behar ditugu ikastaro pribatuak jasotzeko, etxetik urrun sarritan.
Tira, inbertitzeaz ari garela… Inbertsio ona bien artean sortu duzuen proiektua, ezta? Bai, Be Move, gure dantza-eskola! Orain 10 urtetik buruan izan dugun proiektua martxan jarri dugu. Hasieran, bakoitzak bere ogibidea izatea zen gure ideia, eta tarteka klaseak eskaintzea —asko gustatzen baitzaigu bioi—. Baina dantzari gero eta ordu gehiago eskaintzen geniola eta gure txapelketetako emaitzak gero eta hobeak zirela ikusita, eskola bat martxan jartzeko aukera gero eta hurbilago ikusten genuen.
Eta zein unetan iritsi da aukera hori? Ba, egia esan, asko kostatu zitzaigun gure beharretara egokituko zen espazio bat aurkitzea. Baina aukera iritsi zen orain justu martxoan hiru urte… behin asko bilatuta, gure ikasketak amaituta eta gurasoen laguntzari esker!
Zergatik erabaki zenuten eskola propioa abian jartzea? Aurretik ibili izan gara beste eskola batzuetan klaseak eskaintzen, beste akademia batzuen beharretara eta lan egiteko modura egokitzen. Baina dantza ikusteko eta erakusteko dugun ikuspuntua ezarri ahal izateko proiektu bat nahi genuen; erabakiak guk geuk hartzeko aukera eskainiko ziguna.
Erakusteko modua ere desberdina al da zuena? Uste dugu baduguna esperientzia nahikoa proiektu bat izateko, zeinek gure metodo didaktiko propioa izango duen eta egunero hobetzeko motibazioa emango diguna. Ikasleek beraien onena eskaintzen dute eta momentuz oso pozik gaude lortutako emaitzekin!
Pandemia garaian hasi zineten. Zelakoa zen Covid-ak eragindako neurriekin dantzatu behar izatea? Eskolaren irekiera ez zen batere erraza izan. Lokalaren lanen baimenak, obrak eurek… dena atzeratu zitzaigun. Eta behin irekita ere, beldur ginen, jendeak nola erantzungo zuen jakin gabe. Baina etxean egoteaz nazkatuta, jendea irteteko gogoz zegoen eta asko izan ziren «ihes» egiteko bide bat dantzan aurkitu zutenak.
Dantzan elkar ukitu barik aritzen zineten, beraz? Bai, noski, ezarritako segurtasun neurri guztiak hartzen genituen: musukoarekin dantzatzen genuen, distantziara, bikote aldaketak egin barik… Baina gure eskola handia denez eta aireztatzeko aukerak ematen dituenez, uste dugu horrek lagundu egin gintuela. Ez ziren horretarako egoerarik onenak izan, baina dantzara bueltatzeko genituen gogoak oztopoak baino handiagoak ziren.
Dantzatzea, gorputzarekin egokitutako mugimenduen exekuzioa izateaz gain, zer gehiago da zuentzat? Dantza gure bizitzetako osagai beharrezkoa da, eta gure izateko moduan eragin handia izan duena. Bi garai desberdindu ohi ditugu gure 20 urtetik gorako ibilbidean: txapelketen garaia eta irakaskuntzaren garaia. Lehenengoak diziplinatuak, konprometituak eta kontrako egoerei aurre egiteko kapazak izatea ekarri digu. Bigarrena garaiak aldiz, pertsonak askoz hobeto ulertzera eraman gaitu, baita irekiagoak eta gertukoagoak izatera, bion izaera oso barnerakoia baita.
Gizarteko dantzari gehienentzat dantzatzea ihesbide bat da, deskonexio bat. Posible al da deskonektatzea, dantza zure ogibide denean? Guretzat zailagoa da gure egunerokoaren ihesbide bat izatea dantza. Dantza gure pasioa da, bai, baina baita gure lanbidea ere. Eta zintzotasunez, zerbait lana denean, gutxitan izan daiteke deskonexio bat nahiz eta zure lana asko gustatu. Batzuetan lagunartean dantzatzera joaten gara eta bai, deskonektatzera ere iritsi gaitezke. Baina egunerokotik ihes egiteko nahiago izaten dugu beste gauza batzuk egin (barreka).
Azken mezutxoren bat euskaldunok mugitzen ez dakigula diotenentzat? Hori mito bat da eta horrekin amaitu beharra dago! Gu behintzat harrituta gaude gero eta jende gehiago ari delako estilo desberdinetako dantzetara animatzen; tartean baita gizonezkoak ere! Gero eta euskaldun gehiago dira dantzan egiten dutenak, eta ondo egin ere! •
