«Etorkizunerako tresna», Martin Amarika
Martin Amarika Lago
BINKE / 2019ko azaroa
Etorkizunerako tresna
Kirolaren munduan, gizartean modan ditugun balioak agerian agertzen zaizkigu. Beraien artean, errendimendua. Lehiaketan eta emaitzetan eragiten du honek eta, gezurra badirudi ere, eskola kirolean askotan patroi berberak erabiltzen dira. Ordea, eskola kirolak beste helburu batzuk ditu.
Kontuan hartu behar dugu haur batek kirola egiten duenean ikasten ari dela, eta ez bakarrik kirola bera, bere etorkizunean erabiliko dituen zenbait alderdi, balioak, batez ere. Eskola kirolean haur guztiek daukate lekua, eta haur guztiei egokituta egon beharko luke. Helburu horiek bereganatzeko eskola kirolean parte hartzen dugun estamentu guztiok —klubek, gurasoek, begiraleek..— jakin beharko genuke helburu horiek zeintzuk diren, eta norabide berdinean lan egin.
Hau ez da inola ere erraza. Alde batetik, guraso batzuen jarrerak ditugu. Hasieratik kirol praktikaren helburuak argi izan behar ditugu eta gurasoei helburu hauen berri ematea komeni da, haien parte hartzea egokituz. Beste alde batetik, begiraleen formazioan eragitea kontuan hartu behar dugu. Honetan kluben eta erakundeen ezarpena ezinbestekoa da.
Amaitzeko, gogoratu eta errespetatu dezagun haurraren garapena, ez dezagun pentsatu orainean, etorkizunean baizik.