«Etxebizitza eskubidea bermatzeko» plana aurkeztu du Galdakaoko Udalak
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Galdakaoko Udalak hiru urterako etxebizitza plana aurkeztu du, «etxebizitza eskubidea bermatzeko» helburuz. Planak lau ildo nagusi ditu eta albiste honetan batu ditugu hauen xehetasunak.
Pasa den eguaztenean, uztailak 24, Eusko Jaurlaritzari Aperribai tentsio handiko eremua izendatzeko eskaera egitea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak aho batez ikasturteko azken osoko bilkuran, BINKEk jaso zuen moduan.
Honekin batera, «udalerri osoan eragiteko eta desorekak zuzentzeko» egin den Etxebizitza Plana Eusko Jaurlaritzari bidaltzea ere adostu zuten alderdiek eta gaur goizean aurkeztu ditu Galdakaoko Udalak plan honen nondik norakoak, udaletxeko pleno aretoan egindako agerraldian.
Iñigo Hernando alkateak adierazi duenez, «Udal Gobernu honek hasieratik izan du argi etxebizitza eskubidea bermatzea ezinbestekoa dela eta hainbat ekintza egin ditugu horretarako». «Plan hau beste pauso bat da bide honetan», azpimarratu du alkateak. «Gai honetan ahalmen gehiago izatea gustatuko litzaiguke baina ahal dugun heinean helburu hori lortzeko lan egingo dugu», azaldu du.
Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak «herri osoan eragina izateko helburua» duen plana dela nabarmendu du: «Galdakao osoak eremu tentsionatua izendatzeko baldintzak bete ez dituen arren, etxebitzaren egoera ez da ona, eta horregatik plan honekin herri osoko egoera hobetzea nahi dugu».
Zinegotziaren hitzetan, planak lau ildo nagusi ditu:
- Etxebizitza publikoa eraikitzeko eta bizitoki dotazionalak ezartzeko tokiak bilatzea
- Zergetan hobariak egitea bigarren etxebizitza alokairuan jartzen dutenentzat
- Dirulaguntzak arautzea eta koordinatzea eta hauei buruzko informazioa ematea
- Planaren ebaluazioa aldiro egitea
«Azken urteetan %11 igo da Galdakaon alokairuen prezioa eta gero eta gehiago dira haien diru-sarreren %30 baino gehiago alokairu edo hipotekan inbertitu behar duten herritarrak», azaldu du Hernandok, planaren garrantzia azpimarratuz.
Eusko Jaurlaritzari bidalitako plana da Galdakaoko Udalak gaur aurkeztutakoa eta honek erantzuna emango du hurrengo hilabeteetan, aldaketak egin behar diren edo ez zehaztuz.
Hemen Iñigo Hernando eta Asier Egiraunen hitzak Etxebitza Plan berriaren inguruan: