«Etxeratze kolektiboak egiten ari gara», Elene Uribarri
Iritzia
Elene Uribarri, Itaia mugimendua
BINKE / 2022ko iraila
Covid-aren osteko jaien bueltarekin batera, emakume langileon kontrako erasoak ugaritu dira, gure babesgabetasun egoera larrituz. Erasoen gorakada hau jai eremu desberdinetan ikusi dugu, bai herriko jaietan, bai diskoteketan, bai tabernetan. Bortxaketak, ukituak, irainak, mehatxuak, gure konsentimendurik gabeko grabazioak, edarietan droga sartzea… eta hori gutxi balitz, erasoek forma berriak hartu dituztela ikusi dugu, ziztaden kasuan.
Ospatzeko eta disfrutatzeko eremua izan arren, jaien testuinguruan gure aurkako indarkeria gauzatzeko baldintza paregabeak agertzen dira. Sistema kapitalistaren esparru guztiak bezala, gaur egun dugun jai eredu kapitalista ere ideologia burgesaz bustia dago. Horren adibide ditugu jai giroan elkarzaintza falta, hipersexualizazioa, lehiakortasuna, drogen kontsumorako normalizazioa… gazteon sozializazio esparru nagusienetakoa izanda, gure harremantzeko modua ere zuzenki baldintzatu egiten dutenak. Guzti honekin, harreman sozialek izaera biolentoa hartzen dute, edozein motatako erasoak normalizatuz, sozialki gutxiestutako subjektuen kontra jotzen dutenak.
Egoera honi irtenbidea emateko instituzioen ezintasuna argia da. Horrenbestez, modu independentean antolatzea ezinbestekoa zaigu, indarkeria matxista gainditzen lagunduko duten baliabideak martxan jarriz, gaitasunak eskuratzeko eta emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko. Asmo horrekin, Hego Uribeko Itaiatik, Galdakaoko jaien harira, etxeratze kolektiboak antolatu ditugu. Ordu zehatzetan etxera zein bus edo tren geltokietara taldean itzultzeko aukera eskaintzen dute, etxerako bueltan gerta daitezkeen erasoak saihesteko. Honen helburua indarkeria matxista desagerrarazteko aurrerapausoak ematea eta emakume langileok independentziaz antolatzeko gaitasuna handitzea da.
Errealitatearen azterketa zehatza egitea beharrezkoa da arazoari irtenbide egokia emateko, diskurtso eta eslogan hutsetatik urrundu eta zapalkuntza ororekin amaituko duten praktika eta programa politikoa aurrera eramanez. Emakume langileok etxerako buelta bakarrik egitekotan erasoei zaurgarriagoak garela aztertzea, eta arazo horren aurrean tresna bat eraikitzea, ez da izuaren mekanismoa aktibatzea; emakume langileok bizi dugun errealitate gordina borrokatzea baizik. Izan ere, gure artean bizi dugun arazo bat da etxera bakarrik bueltatzeak suposatzen duen izua, eta jaien testuinguruak ekarritako erasoen gorakadak argi uzten du izu horren oinarria errealitatearen azterketa objektibo batean oinarrituta dagoela, eta ez izu irrazionalean. Indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko, beharrezkoa da gaur egun sistema kapitalistari berezkoa zaion kultura matxistaren inguruko azterketa objektiboa egitea, eta ditugun gaitasunen araberako baliabideak martxan jartzea. Horren adibide dira etxeratze kolektiboak, elkarzaintzan oinarrituta dagoen eta gure kabuz antolatzea ahalbidetzen duen tresna. Funtsean, gure indarrak batuz, emakume langileon interesen alde egiten duen tresna bat dira etxeratze kolektiboak, gure zapalkuntza betikotzen duten kateak apurtuko dituen proiektu politiko bat elikatzen dutenek.
Etxeratzeetan parte hartu nahi izatekotan, gurekin kontaktuan jarriz egin daiteke (@itaia_hegouribe). Irteera puntua Txosnagunean, Errotu konpartsaren alboan izango da. Irailaren 9an (ostirala), 10ean (larunbata), 16an (ostirala) eta 17ean (larunbata) egingo dira. irteera orduak 2:00etan eta 5:00etan izango dira. Animatu eta parte hartu!