«Euskal Herria & Hemingway» erakusketa dago ikusgai Torrezabalen, urriaren 6ra bitarte
TESTUA ETA ARGAZKIA: Naia Bergaretxe Sarria
Ernest Hemingway Nobel saridun idazlearen bizitza eta lanen inguruko erakusketa antolatu dute Torrezabal Kultur Etxean arratsaldero 17:30etik 20:30era, urriaren 6ra bitarte.
Ernest Hemmingway idazle ospetsua, 1920an etorri zen Euskal Herrira, eta egun hartatik bere heriotzera arte —Idaho, 1961— ez zion utzi Euskal Herrian jaiotako pertsonekin erlazionatzeari, urte askotan Cuban bizi izan zen arren. Gainera, mantendutako kontaktu bati esker, euskal kulturaren eta gastronomiaren inguruko ezagutza handitu zuen eta euskararekiko interesa piztu zitzaion.
Torrezabal Kultur Etxeak urriaren 6ra bitarte izango du ikusgai Ernest Hemmingway idazleari buruzko «Euskal Herria & Hemingway» erakusketa, 17:30etik 20:30era arratsaldero. Ipar-amerikar Nobel saridunak Euskal Herriko kultura eta bertako jendearekin ia 40 urtetan zehar izandako lotura erakusten du lehen lagin honek.
Bertan, objektu, margolan eta panel ezberdinak daude, haien artean; José María Ucelayren «Conversation Piece, Just Leisure» olio-pintura —Hemingway Juan Duñabeita bere lagun minarekin agertzen da— eta «Pilar» yatearen maketa —Hemingwayk, Habanako lagun pilotarien laguntzarekin, Alemaniako urpeko ontziak «ehizatzeko» erabiltzen zuen yatea—. Horrez gain, bere nobeletako aleak, bere bizitza eta lanen inguruko argitalpenak eta argazkiak aurki daitezke.
Erakusketa aprobetxatuz, liburutegiak Galdakaoko Udalarekin batera, Hemingwayren zenbait liburu eskuragarri daudela gogorarazi nahi du. Hauek dira udal liburutegian eska daitezken liburuak: «La mariposa y el tanque», «Despachos de la guerra civil española», «La factoría de los delincuentes», «Cuentos», «Por quién doblan las campanas», «Fiesta», «Tener y no tener» eta «Adiós a las armas». Gainera, Edorta Jimenezen «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan» eta Fernanda Pivanoren «Hemingway» liburuak ere daude eskuragarri.