«Euskara eta euskera», Joanes Urkixo
Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2023ko azaroa
Geure belaunaldiko asko legez, sendi euskaldun batean jaio nintzan baina erdeldun hazi, Frankok ipini euskun euskeraz berba egiteko debekua zala-ta. Gerra osteko urte hareetan gure hizkuntza galbidean ipini eben zigorraren poderioz: kalean euskeraz egingo ebanari, isuna; sermoian berba batzuk botako ebazan abadeari, isuna; eskolan, barriz, euskaldun agertuko zan umeari, egurra.
Baserri eta auzo baztertuetan euskera galdu ez bazan be, herriguneetan soberan egozan Frankoren aldeko begi jagoleak, berehala salatzeko gertu, bildurraren poderioz euren helburua lortu ebezanak. Geurean, askorenean legez, ama koskortu orduko euskera ahaztu arazota egoan eta neu be erdeldun jaio nintzen.
Ze, gure eskilaran be ez genduan begi salataririk falta errekete zale familia bat edukita. Etxean entzunda nago, frankistak herriaz jabetu eta atoan herriko gizon batzuk kaleak garbitzen ipini ebezala zigor modura, eta, hareen artean geure aititea egoalarik, eskilarako errekete honeek etortzen ei jakozala kale gorrian iseka eta irain emoten. Urte asko igaro ahala, ni jaio eta koskortu nintzanean, ikasi neban zergatik gai batzuk ezin ziran etxean ahoz goran aipatu. Aitite zendua zan beraren umiliazioaren barri, eta gure etxean euskera zergatik galdu zan ikasi nebanean. Eta mendeku txiki bat asmatu neban.
Urtero, Aberri Eguna etorrita, leihoak zabaldu eta disko debekatua ipintzen neban topera,’Gora ta gora Euskadi’, ‘Eusko Gudariak’, ‘Jeiki, Jeiki’ eta halangoak ekarzana, jendilaje harek ondo entzun egian. Eta honek, mendeku inozoa bazan be, aititek ezin emon eustan ondoretza, euskera, ikasteko gogoa be ekarri eustan. Bai gatxa be, garai haretan gordeka egin beharreko kontua zala eta, irakasle danak eskolak hasi eta segidan desagertzen ziralako, nahiz ihesi edo atxilotuta. Franko hil arteraino, jakina dan legez. Orduan bai, euskera ikasi genuen. Hobeto esan, euskara batua.
Euskera guztiak bat egiteari beharrezkoa eretxi deutsat beti, geure hizkuntzak bizirautea gure badogu. Kanpoko erasoak berrindartzen direnean, bolada honetan jazoten dan legez, batasunean dago indarra eta uste sendo honek eragin izan nau beti. Baina, urteak joan, urteak etorri, halango baten konturatu nintzan euskara batu mota honek ez deutsala ohore egiten, ez aterpea emoten, aititeren ondoretzari, neuk jaso ezin izan nebanari. Hori dala-ta, nekez eta pekez, geure etxeko berbeta albait ondoen ikasten ahalegindu nintzan. Eta horregaitik danagaitik gaur, euskaraz barik, euskeraz idatzi dot.