
Euskara indarberritzeko marko estrategiko berria adostu du Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakakaoko udalbatzak atzo egin zuen martxoko osoko bilkura eta honetan hainbat gai eztabaidatu zituzten alderdiek. Besteak beste, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko Aroa marko estrategiko berria onartu zuten aho batez.
Galdakaoko udaletxeko pleno aretoak martxoko udal osoko bilkura hartu zuen atzo, hilak 27. Saioan hainbat gai eztabaidatu zituzten alderdiek eta AROA plan estrategiko berria onartu zuten aho batez.
Plan honek euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko helburuak ditu eta 2012tik 2022ra bitartean indarrean egon den Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ordezkatuko du. Atzo onartutakoa indarrean egongo da 2037ra arte eta bost jomuga nagusi izango ditu:
- Euskara ikasteko erraztasunak handitzea
- Eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea
- Ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea
- Euskaraz lan egiteko aukerak ugaritzea
- Euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea
Lerro nagusi horien barruan, Galdakaon 64 ekintza garatzea proposatzen du egitasmoak. «Marko estrategikoa adosteko prozesu parte hartzailea egin da herrian politikariekin, teknikariekin eta herritarrekin, eta aurrerantzean ere elkarlana izango da estrategiaren ardatz», azaldu dute Udaletik.
Plan honetaz gain, hiri hondakin solidoak batzeko kontratu berria ere onartu zuen udalbatzak, eta baita animalien inguruko ordenantza egungo egoerara egokitzeko beharra, PSE-EEren proposamena onartuz.
Halaber, Gizarte Ekintza arloko programetarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak adostu ziren, eta baita Prezero enpresak 2025eko otsailean hiri hondakinak batzeko egindako lanei dagokion faktura ordaintzea ere.