Euskaraldia dinamizatzaile bila dabil Galdakaon
Euskara
BINKE / 2022ko otsaila
Euskaraldia dinamizatzaile bila dabil Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Binkeren artxibotik, 2019ko Euskaraldiaren aurkezpenekoa
Euskaraldia ariketa sozialaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte antolatuko da Euskal Herri osoan. Galdakaoko ekimenaz arduratuko den pertsonaren bila dabil Euskaltzaleen Topagunea, bederatzi hilabeteko lan-kontratua eskainita.
Bueltan da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Aurtengoa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte antolatuko da, eta aurrekoetan egin bezala, aurten ere dinamizatzaile bila dabil ekimenaren sustatzaile nagusia, Euskaltzaleen Topagunea.
Herri bakoitzak kontratupean dagoen dinamizatzailea izan ohi du. Galdakaok aurreko edizioan izan zuen lehenengoz, eta aurten ere horren beharra ikusten dute antolatzaileek. Horregatik, ondoko lan-eskaintza egin dute Lansarea atariaren bidez:
- Bederatzi hilabeteko lan kontratua, martxoaren 28tik abuztuaren 31ra jardunaldi erdira, irailaren 1etik azaroaren 30era jardunaldi osora eta abenduan jardunaldi erdira ostera ere.
Galdakaoko Euskaraldiak dakartzan lanak pertsona horrek kudeatu eta egin beharko ditu, eta bere egitekoen artean hauexek egongo dira:
- Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu eta prestakuntza eskaini.
- Euskaraldiko Batzordea ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatzea eta dinamizatzea.
- Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatu.
- Herritarren eta entitateen izen ematea antolatu.
- Herritarrak Ahobizi/Belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatu.
- Balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostu herriko euskaltzaleeekin.
- Ekimenaren aurrekontua kudeatu.
- Dinaminazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatu. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartu eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egon, baita eskualdeko gainontzeko dinamizatzaileekin ere.
Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Euskara maila egokia izatea —idatziz zein ahoz—.
- Galdakao eta eskualdea ezagutzea.
- Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
- Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
- Eragiletzarako gaitasuna izatea —ekimena herrian zabaldu eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia—.
- Kudeaketarako gaitasuna izatea.
- Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da —sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…—.
- Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
- Ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da.
- Gidabaimena eta autoa.
Interesa dutenek martxoaren 11ra arte izango dute Lansarearen atariaren bidez edo jon@topagunea.eus posta elektronikoaren bidez Curriculuma bidaltzeko epea. Gainera, CVarekin batera motibazio-gutuna aurkeztea ere baloratuko du Euskaltzaleen Topaguneak.
Dinamizatzailearen soldata zein izango den ez dute zehaztu Euskaltzaleen Topagunetik, baina interesa duenak beheko estekan eman dezake izena: