Euskaraldiaren Hamabostekoa elkarrizketatu du Binkek
Euskaraldia
BINKE / 2020ko azaroa
Hasi da Euskaraldia!
TESTUAK: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Pandemiak baldintzatuta baina hemen da Euskaraldia, iritsi berri den azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte, munduan inoiz egin den ariketa sozialik handiena! Jantzi txapa, eta eman txapa euskaraz!
Hainbat hilabete igaro dira Galdakaoko eta Usansoloko herri batzordeak osatu zirenetik. Geroztik, eragileak, udal ordezkariak, boluntarioak… elkarlanean aritu dira azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean burutuko den ekimena aurrea eraman ahal izateko. Aurtengo edizioak dituen helburuen artean, entitateen parte hartzea sustatzea eta ariketa modu kolektiboan jorratzea daude. Hori dela eta, herritarren laguntzaren bitartez euskaraz aritzeko leku sinbolikoak sortu dira: Ariguneak. Modu orokor batean azaltzeko, gune horien bitartez gizarte aktibazioa aldarrikatu nahi da eta bi motatakoak izan daitezke: barne-ariguneak eta kanpo-ariguneak.
Era berean, bai Usansolon eta bai Galdakaon harrera oso ona izan du Ariguneen ideiak, Galdakaon 300 Arigune baino gehiago sortu direlako, eta Usansolon 40 baino gehiago. Boluntario sareak egindako lana ere azpimarratzekoa da; Euskaraldiko materiala erosteko, izena emateko eta informazioa eskaintzeko astero mahaiak jarri baitituzte Usansolotik eta Galdakaotik zehar. Euskaraldiko lokalean ere hainbat egunetan zehar boluntarioak aritu dira ekimenean bertan erabiliko diren txapak banatzen. Horren harira, ezin daiteke ahaztu aurten ere norbanakoak bere betebeharra izango duela, alegia, Ahobizi eta Belarriprest rolek martxan jarraituko dutela.
Bestalde, ekimenak herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitu nahi du. Hizkuntza ohitura horiek aldatzen hasteko aurreko edizioan 11 egun erabili ziren, baina aurten aldiz, 15 eguneko Euskaraldia izango dugu. Azken datu hori kontuan harturik, aurten hamabostekoa aurkeztu da; hau da, hamabost ordezkarik osatutako taldea. Datozen orrialdeetan hamabost herritar horiek elkarrizketatu ditugu, ekimenak ekar ditzaken onura, eztabaida edota iritziak jasotzeko.
Hemen da Euskaraldia! Eta zuk, parte hartuko duzu?
Janire Egaña
AEK-ko zuzendaria
«Betidanik animatu izan ditugu ikasleak euskaraz egin dezaten, areago orain»
AEK-ko ikasleek badute Euskaraldiaren berririk? Bai, barrutik bizi dugu guk Euskaraldia. Betidanik animatu izan ditugu ikasleak euskaraz egin dezaten, eta are gehiago horrelako ekimen baten aurrean. Gehienbat haien inguru gertutik hasi daitezen animatzen ditugu; hau da, askotan auzoko okindegira joaten garenean ez gara konturatzen bertakoek euskaraz dakitela eta gure lehen hitza gaztelaniaz izan ohi da. Egoera horren aurrean, ikasleak gehienbat lehenengo hitza euskaraz egin dezaten animatzen ditugu.
Zerbait prestatu al duzue AEK-tik? Unitate didaktiko bat sortu dugu euskaltegietan lantzeko. Unitate hori mailakatuta dago; A1, A2, B1… eta bertan ataza batzuk planteatzen dira. Bertan hainbat testu, bideo edota ariketa daude eta horien helburu nagusia euskara praktikatzea da, betiere Euskaraldiarekin lotura zuzena izango dutela ahaztu barik. Era berean, AEK-k unitate didaktiko horiek Euskaraldiari berari eta euskaltegi guztiei eskaini zaizkie. Baina gainera, gu ere ekimenaren batzordean ari gara lanean.
Iñigo Larrea
Bagabiz Euskara Elkartea
«Euskaraldia moduko ariketen bitartez gazteok ere ohiturak aldatzen goaz»
Gazteek zelan ikusten duzue zuen burua ekimenean? Oso zaila izaten da gazteentzat Euskaraldia moduko ekimen handietan gure burua ordezkatuta ikustea. Askotan, esperientzia faltagatik gazteak baztertzeko joera egoten da, baina kasu honetan, ekimenaren parte sentitu gara. Ekimenaren antolakuntzan lagundu izan dugu, eta nire ustez, horrek gazteongan eragin positiboa izango du.
Zelakoa da gazteek duten euskararekiko joera? Salbuespenak salbuespen, gazteek erabiltzen duten hizkuntza gaztelania da. Bestalde, ausartuko nintzateke esatera gai honen inguruan gazteen artean geroz eta kontzientzia gehiago dagoela. Txikitatik erakutsi digute eta aztertu izan dugu euskararen egoera oso kaskarra dela, eta horregatik, nahiko hausnarketa sendoa egin dugula uste dut. Hala ere, hiztunen hizkuntza ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen, esfortzu handia egin behar baita; baina Euskaraldia moduko ariketen bitartez pixkanaka-pixkanaka ohiturak aldatzen goaz!
Aitziber Bilbao
Euzko Alderdi Jeltzalea
«Pertsona berriak ezagutzen ditugunean askotan gaztelaniara jotzen dugu»
Alderdietatik ere euskararen alde asko egin daitekeela uste duzu? Bai, nire ustez ekimen hau bultzatu behar duten erakunde guztietatik eragin gehien izan ditzaketenak alderdi politikoak direlako. Alderdiek beste erakunde batzuk mugitzen dituzte, eta horregatik, eurek izan beharko lukete erantzukizun gehien. Hori horrela izanik, lehen bultzada haien ardurapean egon beharko litzateke.
Ahobizi edo Belarriprest txapa eramateak norberari laguntzen diola uste duzu? Askotan pertsona berriak ezagutzen ditugunean gaztelaniara jotzen dugu besteak euskaraz ez ote dakien beldurrarekin hurbiltzen garelako. Ahobizi eta Belarriprest rolen bitartez sorpresaren bat har dezakegu, eta horregatik, bananduko diren txapak oso baliagarriak direla uste dut. Aurten jende askok eman du izena Euskaraldian, eta pandemia egoerak ekarriko dituen oztopo edo trabak kenduta, ekimenak eragin positiboa izango duelakoan nago. Ia ba horrela den eta euskara asko entzuten dugun kalean!
Pedro Aizarna
Ganguren Mendi Taldea
«Bulegora hurbilduz gero, gure lehen hitza euskaraz izango da beti»
Arigune bi osatu ditu Gangurenek. Beraz, Gangurenera lasai joan gaitezke euskaraz? Gurera euskaraz hitz egiten duda barik lasai-lasai hurbil daiteke edonor; are gehiago, bulegora hurbilduz gero, gure lehen hitza euskaraz izango da. Gangureneko partaide guztiek gutxienez euskaraz ulertzen dute, eta zailtasunak izan arren, euskaraz oso ondo moldatzen ez direnak ere haien lehen hitza euskaraz izango da. Guri oso aberasgarria iruditzen zaigu ekimen hau, eta oso modu baikorrean sustatuko ditugu tankera honetako ariketak. Euskaraldi honetan ere, Ganguren fin ari da parte hartzen!
Zuk Pedro, zein rol aukeratuko duzu? Ni txiki-txikitatik euskaraz bizi izan naiz, eta horregatik, rola aukeratzerakoan ez zait inolako zalantzarik sortu: Ahobizi izango naiz. Aipatu nahiko nuke oso baliagarria iruditzen zaizkidala bi rolak, euskara egunerokotasunean erabiltzen ez dutenek ere ahalegina egingo dutelako eta hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakerak egingo dituztelako.
Marta Uriarte
Ukabilka gimnasioa
«Txapa jantzita ikustean jende askok euskaraz hitz egiten dizula aztertu dugu»
Gimnasioen munduan zelan ikusten duzu euskararen egoera? Nahiko ondo, egia esan, oso jarrera baikorra ikusten dugu. Hala ere, guk egiten ditugun formazio eta programak atzerritik datoz, erderaz daude guztiak eta itzulpen lanak egiten ditugu. Hori dela eta, ematen ditugun klaseei begira apur bat zaila egiten zaigu euskara hutsean aritzea, baina gure ustez, euskara oso aberasgarria da eta guk argi daukagu horren alde egiteko prest gaudela. Pixkanaka-pixkanaka ari gara gero eta klase gehiago euskaraz ere ematen.
Gimnasioko harreran egonda, txapa eramateak laguntzen zaitu? Iazko ekimenean aztertu ahal izan genuenez, jende askok txapa ikusterakoan zuzenean euskaraz hitz egiten hasten da. Askotan jendeak harritzen zaitu normalean gaztelaniaz aritzen delako eta txapa ikusterakoan euskaraz egiten hasten da, edo behintzat ahaleginak egiten ditu. Aurreko ekimenarekin alderatuz, aurten ere jarrera berdina espero dugu eta euskaraz jende berriarekin hitz egiteko gogotsu gaude. Ia ba horrela den!
Janire Landaluze
Adiskide Pilota Elkartea
«Esku pilotak zuzeneko lotura dauka euskararekin; hori indartu behar dugu»
Pilota beti lotu da euskararekin, zure ustez Euskaraldiak joera hori indartuko du? Esku pilota euskal kirol bat den heinean, euskararekin zuzeneko lotura dauka eta nire ustez Euskaraldiak gauza asko indartuko ditu, bai txikiak eta baita handiak ere. Horretan, oso garrantzitsua da umeei erakustea euren bizitzako esparru guztiak euskaraz garatu ditzaketela, eta azpimarratzea euskara nortasun ikuspuntu batetik ere uler daitekeela. Gu kirolaren bitartez balio horiek transmititzeaz arduratzen gara, baina esan bezala, gure helburuetako bat umeek euskara modu positiboan ulertzea da.
Zelako garrantzia dauka seme-alabentzat gurasoak euskaraz entzutea? Nire ustez familia giroan euskaraz aritzea funtsezkoa da umeek hizkuntza honek duen aberastasunaz erreparatzeko. Niretzat oso garrantzitsua da familiako kide bakoitza dakien heinean euskaraz aritzea, neurri handi batean umea lagunduko duelako euskaraz maitatzen eta bizitzen. Eta noski, bere euskara aberasten!
Kepa Ajuria
Andra Mari Dantza Taldea
«Dantza taldeko gehienak euskaraz bizi garela esatera ausartuko nintzateke»
Zer izango litzateke gure dantza euskararik gabe? Euskal dantza eta gure dantza taldea derrigorrean euskararekin lotuta joan behar dira, euskararen esentziarik gabe ez liratekeelako ezer izango. Gurean garrantzi handia ematen zaio euskal hizkuntza eta kulturari eta ausartuko nintzateke esatera dantza taldeko ia gehiengoa euren egunerokotasunean darabilten hizkuntza euskara dela, eta oso harro gaude horretaz.
Galdakaon gero eta euskara gehiago egiten dela uste duzu? Ez, esango nuke azken urteetan ez dela hobekuntza nabarmenik igarri. Egia da gaur egun euskaltegi eta ikastolei esker euskara dakien jende gehiago dagoela, baina hiztunen kopuruari dagokionez, ez dut uste aldaketa handirik egon denik. Jende askoren jarrerak harritu egiten nau, askok euskara ondo dakitelako baina zoritxarrez ez dutelako euskaraz egiten. Kaletik noanean ez dut euskarazko hitz bakar bat ere entzuten eta horrek asko arduratzen nau. Ia Euskaraldiarekin hori aldatzen goazen…
Juan Valenzuela
Berbalaguna
«Ausartak izaten hasi beharko genuke beti, eta gure lehen hitza euskaraz egin»
Zuk zein rol aukeratu duzu aurtengo Euskaraldian? Nik Ahobizi rola aukeratu dut. Aurreko ekimenean ere Ahobizi izan nintzen eta asko poztu ninduen jendea euskaraz entzuteak. Aurtengo Euskaraldiari begira, aurrekoak izan zuen arrakasta bilatu beharko genukeela uste dut; hau da, ahalik eta jende gehien euskaraz hitz egiten entzutea izan beharko litzateke aurtengo helburua. Pandemia egoerak hainbat oztopo jarriko dizkigu, hala ere, ekimen arrakastatsua izango dela uste dut. Nire aldetik, argi daukat ni euskaraz arituko naizela, eta ahal dudan neurrian nire ingurukoak animatuko ditut.
Euskaraz hitz egiteko oztoporik aurkitzen al duzu herrian? Askotan entzun ohi da gurean oztopo asko aurki genitzakeela, baina nire ustez, aurki dezakegun oztopo bakarra norberak izan beharreko ausardiarena da. Ausartak izaten hasi beharko genuke eta gure lehen hitza beti euskaraz izan beharko litzateke, euskaraz bizitzeko abiapuntu sendoa baita. Ni prest nago, ia irakurleak ere prest dauden!
Gaizka Chamizo
Aktorea
«Antzezlanari modu negatiboan eragiten dio aktore batek euskaraz ez dakienean»
Aktore profesional izateko, zein puntura arte da beharrezkoa euskara? Galdera honetan bi termino bereziko nituzke: beharrezkoa eta ezinbestekoa. Adibidez, Euskal Herrian bizitzeko euskara, tamalez, ez da ezinbestekoa eta aktore profesionala izateko ere, ez da ezinbestekoa euskal hiztuna izatea. Bestalde, beharrezkoa da Euskal Herrian euskaraz hitz egiteko proiektuan sinesten dugunontzat, eta proiektu horren baitan, ale bat jarri nahi dutenentzat. Beraz, norberaren hautua da euskaraz aritzea; baina ez aktore profesionala izateko, baizik eta euskal nortasun eta kultura sustatzeko.
Euskara barneratuta izan barik, euskarazko gidoiak ikastea posible da? Posiblea da, gaur egun egiten ari delako. Askotan jende asko prest egon ohi da euskarazko paperak egiteko, nahiz eta euskara askorik ez jakin. Baina kasu horietan agerikoa da aktoreak oholtza gainean duen hitz-jario falta eta antzezlanari berari modu negatiboan eragiten dio euskaraz ez jakiteak.
Amets Iturbe
Ludotekak
«Eskolatik kanpo, ume askorentzat euskarazko erreferente bakarra gu gara»
Ludoteketan euskaraz ibiltzen dira gazteak? Bai, noski. Guk egiten ditugun ipuin kontaketak, tailerrak, eskulanak… denak euskaraz egiten dira. Nolanahi ere, Euskaraldiak asko lagunduko gaituela uste dut. Askotan gure hizkuntza ohiturak gaztelanian oinarritzen dira, bai ludoteketan egoten diren arduradunenak eta baita gurasoenak ere, eta ekimenak iraungo duen egunetan gure ohiturak aldatzeko epe paregabea dela uste dut. Ekintza polita izango da guztientzat, umeentzat eta helduentzat ere.
Aisialdia euskalduntzeko zein puntura arte zarete garrantzitsuak? Nire ustez umeentzako batez ere erreferente potenteak gara, eta horretaz baliatu beharko ginateke. Alde batetik, guk beti euskaraz egiten dugu, eta eskolatik kanpo ume askorentzat euskara erreferente bakarra gara. Beste alde batetik, ume eta gurasoei erakusten diegu aisialdia euskaraz egin daitekeela, eta aisialdiaz giro euskaldun batean gozatu daitekeela. Ia Euskaraldiarekin gazte eta gurasoak animatu ditzakegun euskara gehiago egitera!
Ander Zuluaga
Zuluaga bitxitegia
«Ezagutzen ez gaituzten gehienak gaztelaniaz sartzen dira dendara»
Herritarren lehen hitza dendara sartzean, zein hizkuntzatan da? Galdera honen atzean baldintza bat dago, ia bezeroek ezagutzen gaituzten edo ez. Ezagutzen ez gaituztenek ez dakite gu euskaldunak garenik, eta horregatik, askoren lehen hitza gaztelaniaz izaten da. Ezagutzen gaituztenek, aldiz, badakite guk euskaraz hitz egiten dugula, eta horien lehen hitza euskaraz izaten da. Egoera horren aurrean, nik uste euskal hiztunok ahalegin bat egin beharko genukeela, eta gure lehen hitza beti euskaraz izan beharko litzatekeela. Nik horrela egiten dut beti behintzat, ez Euskaraldian bakarrik.
Euskaraldian zehar jendeak lehenengo hitza euskaraz egingo duela uste duzu? Nik uste zaila izango dela egun batetik bestera hizkuntza ohiturak aldatzea. Euskaraldiak irauten duen epean jende askok ohiturak aldatzeko ahaleginak egingo ditu, baina nire ustez 15 egun ez dira nahikoak. Nik ekimena beste hamabost egunetan luzatuko nuke, hizkuntza ohitura horiek guztiz barneratu ditzagun!
Estibaliz Apellaniz
Zientzialaria
«Azken urteotan aurrerapen nabarmena egon da zientzia eta euskararen artean»
Zientzia eta euskara. Zer nolako lotura ikusten duzu bi termino horien artean? Azken urteotan aurrerapen nabarmena egon da zientzia eta euskararen arteko loturan. Nik ikasten nuenean ez zegoen zientziaren inguruko euskarazko materialik, eta gaur egun zorionez, euskarazko material ugari daukagu. Argi dago gizarteari zientzia hizkuntzaren bitartez azaltzen zaiola, hori dela eta, zientziaren helburu argi bat hizkuntza bakoitzarekiko duen harremana zaintzea izan beharko litzateke. Zientzia gizarteak dituen beharrizanei erantzuna emateko erabiltzen da, eta horregatik euskarak izugarrizko garrantzia izan beharko luke zientzialarion munduan ere.
Zelan lagundu ahal dio Euskaraldiak zientziari? Euskaraldiaren bitartez zientziaren arloan euskararen erabilera areagotzea lortu daiteke. Egun sortzen diren ikerkuntza taldeetan euskaldunak ikus genitzake, baina beti gaztelaniaz edo ingelesez egiten da. Honekin zientzialariak euskaraz aritzera animatu daitezke!
Iñigo Hernando
Galdakaoko alkatea
«Herritarren hizkuntza-eskubideak urte osoan zehar bermatu behar ditugu»
Udalak zer ekar diezaioke Euskaraldiari? Udala Arigune izango den heinean, herritarrek ikusi behar dute Udala erakunde hurbilena izateaz gain, eredugarri ere izango dela Euskaraldian zehar eta euskararen erabileran ere.
Herritarren hizkuntz-eskubideak bermatzeko lanik egingo al duzue? Hizkuntza-eskubideak egunerokotasunean bermatu behar ditugu, berez eta urte osoan zehar. Horiek ere herritarrek dituzten eskubideak direlako. Ez da garai batean bakarrik borrokatu beharreko gauza bat, are gehiago horrelako erakunde batean. Hala ere, egia da lanketa berezi bat egiten ari garela udaletxe barruan, langileen arteko hizkuntza ohiturak eredugarri izateko helburuarekin. Eta hori ez da bakarrik egingo kalera begira, baizik eta barneko langileen artean: euskaratzen saiatuko gara bulegoetako elkarrizketak, korridoreak, dokumentuak, egiten diren aktak, espedienteak… Euskarak denean du lekua, baita Galdakaoko Udalean ere bai. Horretarako lan egingo dugu.
Ruth Delgado
Euskara ikaslea
«Hamabost egunetan euskara egunero erabiliz gero, aurrerapauso itzela da!»
Zelan jaso zenuen Euskaraldiaren berri? Basauriko Berbalagun taldearen parte naiz eta bertako kideek iaz aurkeztu zidaten ideia. Ekimenaren nondik-norakoak azaldu zizkidatenean parte hartzeko gogo ikaragarriak izan nituen eta aurten ere gogo berdinak ditut. Euskaraldia nire ustez, euskara egunerokotasunean erabiltzeko arazoak izan ditzaketen hiztunei bideratuta dago. Hamabost egunetan zehar hizkuntza berdina erabiliz gero, aurrerapauso ikaragarria egin dezakegula uste dut; hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko modu egokia baita.
Ahobizi edo Belarriprest izango zara? Ahobizi izango naiz. Nik bereziki Basauriko Berbalagun taldearekin eta Galdakaoko AEKko euskaltegiko gelakideekin praktikatzen dut euskara. Talde horiek oso bereziak bilakatu dira niretzat, hizkuntzaren arloaz gain, beste hainbat esparrutan laguntzen nautelako. Aipatutako bi talde horiekin euskara hutsean aritzen naiz, eta horrek egunerokotasunean euskaraz bizitzeko gai naizela erakutsi dit.
Asier Bidart
Udaleko Hizkuntza normalkuntzarako teknikaria
«Hizkuntzaren erabilera ez bada %30 ingurukoa, galbidean egon daiteke»
Udaletik zenbat Arigune sortu dira? Udaletik hainbat Arigune sortu dira; hala nola, ludotekak, topaguneak, kiroldegiak, liburutegiak… Horietan hizkuntza eskubide eta betebeharren inguruko formazio bat egin dugu. Lehenengo pausua arreta zerbitzuko jendeari formazioaren berri ematea da, eta ondoren Ariguneetan dauden teknikari eta langileek formazioa jasoko dute. Horretan ari gara.
Datuei erreparatuz, zelan ikusten duzu euskararen egoera herrian? Eustat-eko 2016ko datuen arabera, euskararen ezagutza maila ia %70era heltzen da. Baina ezagutzak ez du balio ezertarako ere, baldin eta praktikan jartzen ez bada. Erabilerari dagokionez, azken urteetan ez da neurketarik egin herri mailan, baina argi dago egoera negargarria dela. Hizkuntza gutxituak aztertu dituzten ikerlari soziolinguistikoen arabera, hizkuntzaren erabilera ez bada %30 eta %33 bitartekoa, hizkuntza hori galbidean egongo litzateke. Horregatik, Euskaraldiak oso modu baikorrean lagun gaitzakeela uste dut.