Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde errolda ikusgai dago Esan bulegoan
TESTUA: Irati Alonso Harcía
ARGAZKIA: EFE
Apirilaren 21ean antolatuko dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Galdakaoko Udalak ikusgai jarri du hauteskunde errolda Esan bulegoan, martxoaren 11ra arte. Zerrenda begiratzeko gomendatu die herritarrei, batez ere bizilekua aldatu dutenei.
Gero eta gutxiago falta da hurrengo lehendakaria nor izango den jakiteko. Apirilaren 21ean antolatuko dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Galdakaoko Udalak, legeak ezarritako pausoei kasu eginda, ikusgai jarri du hautesle errolda Esan bulegoan martxoaren 11ra bitarte.
HAOLO legearen 39.1 artikuluaren arabera, 2024ko apirilaren 21ean egingo diren hauteskundeetarako indarrean dagoen errolda 2023ko abenduaren 1ean itxitakoa da, eta bertan jasotzen dira 2023ko azaroaren 29ra arte udalek, kontsulatuek eta erregistro zibilek jakinarazitako mugimenduak. Errolda horri baietsitako erreklamazioak gehituko zaizkio.
Hautesle errolda ikusgai jartzea Indarrean dauden hautesle zerrendak egoiliarren errolda (CER) nahiz ez dauden egoiliarrak (CERA) kontsultatzeko zerbitzua izan behar dute Udalek martxoaren 4tik 11ra, biak barne. Honen helburua «beraietan hautesleek beraien datuak zuzen dauden egiaztatu ahal izatea da».
Pertsona orok aurkez dezake erreklamazioa zerrendatik baztertu dutelako edo zerrendan sartu dutelako (zerrendan badago eta ez luke egon behar), zerrendak ikusgai dauden bitartean. Hautesleak berak edo behar bezala baimendutako pertsona batek aurkeztu eta sinatu behar du erreklamazioa, eta nortasun identifikazioaren agiriaren fotokopia erantsi behar dio.
Bestalde, Galdakaoko Udalak gogorarazi du posta bidezko botoa eskatzeko epea otsailaren 27tik apirilaren 11ra artekoa izango dela, eta bi modu daude egiteko:
- Internet bidez, ziurtagiri elektronikoarekin, Correosen webgunean
- Correosen edozein bulegotan eskura daitekeen paperezko eskabidea betez eta izena ematen duen probintziako Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzara bidaliz. Hautesleek eskabidea sinatu behar dute, eta egiaztatu posta-funtzionarioak data eta zigilua jartzen dituela