«Faltan botatzekoak faltan botatzen ez ditugunak», Nerea Urgoiti
Lerroartean
Nerea Urgoiti Galarza
BINKE / 2021eko otsaila
Faltan botatzekoak faltan botatzen ez ditugunak
Badator laster martxoa berriro. Urtebete dagoeneko, urtebete pandemia batek gure bizitzak hankaz gora jarri zituenetik. Hankaz gora edo buruz behera, ez dakit.
Azken egunotan entzuna dugu, etengabe, urtebete pasa ondoren berdin gaudela, ez atzera ez aurrera. Eta kokoteraino gaude, kokoteraino. Asko, Aitziber Garmendia bezala, «kalerako modukoak» gara, etxe zuloan ito egiten garen horietakoak, ito. Faltan botatzen ditugu besarkadak, musukorik gabeko irribarreak eta mugarik gabeko irekialdi perimetralak. Faltan poteoak, herri bazkariak, kontzertuak, jai herrikoiak, bidaiak, asteburu pasak zein kuadrila afariak. Faltan talde kirolak, taldea mugarik gabeko unitate bezala ulertzen zenean, herri lasterketak edo mendi martxak. Faltan botatzen dugu gure lehengo bizimodua, pandemia aurreko gure «askatasuna».
Baina faltan botatzen hasita, faltan botatzekoak dira faltan botatzen ez ditugun beste hainbat gauza ere, eta horiek bai, horiek oraindik gure esku daude.
Aldamenekoaren musukoak dituen tolesdurak geurearenak baino hobeto ezagutzen hasi ginenetik, negatibo izatea gauza positibo bihurtzen hasi zenetik, urtebeteren ostean berdin gaudela esatea ez al da positiboegia? Positibotasuna birus kutsakor bezala ulertuta, noski.
Zaila da jakitea zenbat dosi beharko diren gizarte hau sendatzeko, pandemia mundial baten erdian ere txertoek izen-abizenak izaten jarraitzen duten gizarte honentzako, alegia. Ez gaitezen asintomatiko bihurtu, gure «askatasuna» ez baita asko aldatu. Hankaz behera zein buruz gora, faltan bota daigun gure benetako askatasuna eta ez pandemia aurrekoa.