Gaixo dauden zuhaitzak ordezkatzen ari da Galdakaoko Udala
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Actualidad al cuadrado
Galdakaoko zuhaitzen azterketa egin ondoren, gaixo daudenak aldatzeari ekin dio Udalak. Hurrengo hilabeteetan hainbat gunetan aldatuko ditu: Agirre Lehendakariaren plazan, San Inazion, Aperribain, Bizkai kalean eta Juan Bautista Uriarten.
Galdakaon zehar dauden hainbat zuhaitz eta landareren egoera kaskarra zela ikusita, guztien egoeraren azterketa egin zuen 2022an Udalak. Honek zuhaitz asko hilda edo gaixo zeudela ondorioztatu zuen eta Udalak horiek aldatzeko plangintza egin zuen.
Aurten lanei ekin zaie berriro eta hainbat gunetan jardungo da datozen hilabeteetan: Agirre Lehendakariaren plazan, San Inazion, Aperribain, Bizkai kalean eta Juan Bautista Uriarten egingo dira lanak, leku bakoitzean dauden beharren arabera.
Bizkai kalean eta Aperribain hasi dira honezkero zuhaitzak kentzen. Bizkai kalean iazko neguan hasi ziren gaixo zeuden zuhaitzak ordezkatzen. Aldatu beharreko zuhaitz kopurua handia zela eta, faseka ekitea erabaki zuten adituek eta bigarrenari ekin zaio, Fray Romualdo eta Bernard Etxepare arteko guneari dagokionari.
Juan Bautista Uriarten ere bigarren fasea egingo da aurtengo neguan. Duela urtebete hegoaldeko espaloian dauden zuhaitzak aldatzen hasi zen, eta, bigarren fase honetan, iparraldeko espaloira igaroko dira lanak. Kalterik handiena duten zuhaitzak kendu eta inguruko baldintzetara hobeto egokitzen direnak landatuko dira.
Agirre Lehendakaria plazan, zuhaitzek «arnas gehiago» izango dute lanak amaitzean: egoera kaskarrean dauden zuhaitzak kenduko dira eta zuhaitz berriak landatuko dira.
San Inazion hainbat zuhaitz kendu ziren aurreko neguan etxebizitzetatik gertuegi zeudelako. Inguru horretarako egokiagoak direnak ezarriko dira orain, landare eta lorez apainduta egongo diren jardineretan.
Aperribain, aldiz, 43 eta 46 zenbakien tartean dauden zuhaitzak kentzen ari dira. Espaloian, oso lur gutxiko eremuan daude zuhaitz horiek eta «ezin zaie leku gehiago eman hor», berez estua den espaloiaren erdia hartuko lukeelako. Horregatik, eta ondoan ingurune berdea duela kontuan hartuta, leku horretan zuhaitz berririk ez landatzea erabaki da, adituek hala gomendatuta. Ander Deuna kaleko 23. zenbakian dagoen zuhaitza ere kenduko da, «etxearen hormara itsatsiegi dagoelako eta arriskua eragin dezakeelako».