Galdakao Atletismo Taldeko kideak: «Atletismoak ez du hainbeste ikusgarritasunik»
Eider Arregi, Ane Barcena eta Ekaitz Urgoiti, Galdakao Atletismo Taldeko kideak
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
«Atletismoak ez omen du beste kirolen aldean horrenbesteko ikusgarritasunik». Hala baieztatzen dute Galdakao Atletismo Taldeko hainbat kidek, eta kirol honek Galdakaon duen pisua zein den jakiteko haiekin elkartu da Binke.
Galdakao Atletismo Taldeko kideak dira Eider Arregi (Usansolo, 2002), Ane Barcena (Larrabetzu, 2001) eta Ekaitz Urgoiti (Larrabetzu, 2005). Taldearen ordezkari lanetan, klubak egun bizi duen egoera zein den helarazi diote elkarrizketa honetan aldizkariari.
«Beste kirolekin alderatuz, atletismoari ez omen zaio horrenbesteko ikusgarritasunik ematen». Baduzue baieztapen hau azaltzerik? Atletismoa ez da kirol munduan gailentzen den diziplinetako bat, jende askorentzat ezezaguna den kirol bat da. Askok orduak atletismo pistari bueltak ematen pasatzen ditugula pentsatzen dute, eta ausartuko ginateke esatera kirolik et anitzenetakoa dela.
Sozialki gutxietsia, beraz? Bai, hala da. Ikusgarritasunari begira ere zer esanik ez, telebistan atletismo ekitaldi bat ikusi ahal izateko nazioarteko txapelketa bat izan behar da, nahitaez. Hala ere, esan beharra dago gero eta presentzia handiagoa ari dela hartzen, horren adierazle da belaunaldi gazteetako gero eta jende gehiago izena ematen ari dela Galdakaoko taldean.
Soilik Galdakaon gertatzen den fenomenoa da hau edo zerbait globalagoa akaso? Ez, ez genuke esango Galdakaoko fenomeno isolatu bat denik, orokorrean gizartean beste kirolek baino ikusgarritasun gutxiago duela ukaezina da, eta zoritxarrez, gainera, atletismoa praktikatu ahal izateko baliabideak ere urriagoak izaten dira herri askotan.
Bolada onean dago kluba, ezta? Bai, hala da. Hainbat marka eta domina lortu ditugu Bizkaiko zein Euskadiko txapelketetan. Gainera, nahiz eta adin eta leku ezberdinekoak izan, gure artean oso giro ona dago, azken urteetan gure arteko harremana indartu egin da.
Nola azalduko zenieke jendeari eskuratutako markak lortu ahal izateko atzetik dagoen lana? Gure ustez garrantzitsuena motibazioa eta konstantzia dira, izan ere, pare bat egun faltatuz gero asko nabaritzen da bai marketan baita errendimenduan ere. Eta nola ez, gaitasun fisikoetaz harago, kirolean atal psikologiko eta emozionala funtsezko premisak dira.
Honek ba al dakar gogoko dituzuen gauzak baztertzea edo horrenbeste ez gozatzea? Ez da gauzak baztertzea edo ez gozatzea, baina, planak egitean edo jaietara joatean, esaterako, entrenamenduren bat edo lasterketaren bat dugun kontuan izan behar dugu.
Eta era berean markak lortzeko presiopean egoteak badu eraginik agian buruko osasunean, ezta? Orokorrean ondo eramaten dugula uste dugu, hala ere, egia da batzuetan ez ustekoak gertatzen direla —lesioren bat adibidez— eta zure taldekide guztiak hobetzen ikusten dituzula zu salbu, presio horrek batzuetan zure buruari ia jarraitzea konpentsatzen duen galdetzea eragiten du.
Bukatzeko, zer uste duzue egin daitekela atletismoa jendearengana gehiago hurbiltzeko. Elkarrizketa hau lehenengo pausua izan daiteke. Herriko aldizkarietan atletismoari buruzko berri gehiago ateratzea ondo legoke eta herrian egiten diren lasterketak promozionatzen laguntzea ere. Honekin, giroa ezagutzea eta gurekin batera entrenatzera animatzen ditugu herriko gazteak.