«Galdakao Gerra Zibilean» liburua kaleratu du Galdakao Gogorak
Memoria historikoa
BINKE / 2021eko ekaina
«Galdakao Gerra Zibilean» liburua kaleratu du Galdakao Gogorak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
«Galdakao Gerra Zibilean, udaberririk gabeko urtea» liburua kaleratu du Galdakao Gogora elkarteak, besteak beste, hamaika argazki eta dokumentu historikorekin. Doan banatuko da liburua, gaurtik aurrera, udaletxean zein hiru liburutegietan. Gainera, doan deskargatu daiteke liburua hemen PDF formatuan.
Atzo, ekainak 15, Gandasegi eskolaren aretoa «Galdakao Gerra Zibilean, udaberririk gabeko urtea» liburuaren aurkezpenaren lekuko izan zen. Liburu honek, 1936-1937 urteetan «faxismoak gurean egindakoak berreskuratu, gogoratu eta transmititu» gura ditu, Galdakao Gogorako kideek aurkezpenean azaldu zuten bezala.
Hamaika atal ditu liburuak, Galdakao Bigarren Errepublikatik hasita, emakumeek Gerra Zibilean bizi izan zutena eta memoriaren ibilbideetan amaituta. Eta bitartean beste dozenaka argazki, hildakoen zerrenda, inforgrafia eta artxibo historiko batzen ditu liburu berri honek, gerraren hasiera kontatzeko, Autonomia Estatutuaz eta Burdin Hesiaz hitz egiteko, Galdakaoko babesleku eta bonbardaketa zehatzak zeintzuk izan ziren jakiteko, edo haurrek gerratik ihesi sufritu zutena eta tropa frankistak Galdakaon sartzen diren unea inoiz ez ahazteko. Horixe baita liburu honen xedea, aurkezpenean Galdakao Gogorako kideek esan zuten legez, «gertatutakoa inoiz ez ahaztea, berriro errepikatu ez dadin».
Argitalpenak 48 orrialde ditu, formatu txikikoa da —20 zentimetro pasatxoko altuera du—, eta elebidun idatzita dago osorik. Doan banatuko da gaurtik, ekainaren 15etik, aurrera udaletxean, Torrezabaleko, Aperribaiko eta Usansoloko liburutegietan eta pertsonako ale bana banatuko da. Guztira 7.000 ale kaleratu dira.
Galdakao Gogora da liburua argitaratzeko ardura izan duen elkartea. Gogora institutuaren dirulaguntza jaso zuen horretarako proiektuak eta Galdakaoko Udalarekin elkarlanean argitaratu da lana.