Galdakaok 49 milioi euroko aurrekontua onartu du, oposizioaren bederatzi emendakin txertatuz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko udalbatzak ez ohiko osoko bilkura egin du gaur eta 49 milioi euroko aurrekontua onartu du hurrengo urterako, oposizioaren bederatzi emendakin txertatuz. Udal gobernua osatzen duten taldeen eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin onartu da aurrekontua.
Hurrengo urteko aurrekontua aurkeztu zuen Galdakaoko Udal Gobernuak astelehenean, 48.497.262 eurokoa hain zuzen, aurtengoa baino %1,36 txikiagoa. Usansolo gabeko lehenengo aurrekontua da eta han zerbitzu batzuk oraindik Galdakaok eskaintzen dituen arren, banaketak eragina izan du oro har aurrekontuaren jaitsieran, BINKEk jaso zuen moduan.
Gaur onartu du aurrekontu hori Galdakaoko udalbatzak, oposizioko taldeen zenbait proposamen aintzat hartuz. Gobernuko taldeen aldeko 13 botoekin (EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria), EAJ-PNVren 6 zinegotzien aldekoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu da aurrekontua.
Guztira, oposizioaren bederatzi zuzenketa barneratu dituzte dituzte 2025eko aurrekontuan, 625.000 euroko balioarekin: EAJ-PNVren lau eta PSE-EEren bost.
Jeltzaleen aldetik, Olabarrieta auzoa berroneratzeko, Tximelarre Beheko bide-segurtasuna eta Jugorako sarbideko argiztapena eta asfaltatzea hobetzeko eta belaunaldien arteko ‘KUVU’ programa abian jartzeko proposamenak barneratu dituzte aurrekontuan.
2025eko lehen seihilekoan egingo den aurrekontu modifikazioan, gobernu taldea lantzen ari den bi alor babestea ere onartu dute bi aldeek: Ibaizabal ingurua eraberritzeko lanak eta Tximelarre Goikorako irisgarritasuna hobetzekoak.
Sozialistek aurkeztutako zuzenketei dagokioenez aldiz, etxebizitza-politiketarako baliabideak handitzeko eta Galdabusen irisgarritasunaren eta zerbitzuaren hobekuntza bultzatzeko, eta baita Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua hasteko proposamenak aintzat hartu dituzte aurrekontuan.
EH Bilduren esanetan, hurrengo urterako onartutako aurrekontuak «galdakoztarren bizitzak jarriko ditu erdigunean, zaintza, garraioa, irisgarritasuna, kultura eta ekipamenduen hobekuntzak izango direlarik gidalerro nagusiak».
Alderdiak balioan jarri du «akordioetarako heltzeko gaitasuna, eta gure esker ona adierazi nahi diegu EH Bildurekin batera aurrekontua negoziatu, hobetu eta berau babestuko duten gainontzeko talde politiko guztiei»: «Haien ekarpenak entzun ditugu, eta ahal izan den heinean, aurrekontuan txertatu ditugu, hau bera hobetuz».