Galdakaok Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesua hasiko du
Feminismoa
BINKE / 2021eko otsaila
Galdakaok Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesua hasiko du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak eta herriko hainbat eragile feministak gaur aurkeztu dute Emakumeen Etxea, «mota, jatorri eta izaera guztietako emakumeentzat hurbileko eta konfiantzazko gunea» izango den eraikin berria.
Udal legegintzaldi honen aurreko hauteskundeetan Galdakaoko EAJ-k Andraenea izenez bataiatu zuen eraikina Agirre Lehendakariaren plazan sortzea proposatu zuen, alkatetza eskuratuko balu, emakumeen etxea izateko helburuz. Asmo hori bere horretan geratu zen EH Bilduk, Auzoak-ek, Podemosek eta Usansolo Herriak koalizioa osatu eta Udal Gobernua eratu zutenean.
Ordea, Udal Gobernu berriak —egungoak, alegia— 2020ko urtarrilaren 23an aurkeztu zuen Gobernu Planean ere emakumeentzako beren-beregi sortutako etxe bat eraikitzea proposatu zuen, planaren 90. puntuan. Eta orduantxe aurkeztu zuten asmo hori, datozen hilabeteetan errealitate izango dela iragarri dute gaur.
Iñigo Hernando alkateak eta Nerea Orozko Berdintasunerako zinegotziak Galdakaoko hainbat eragile feministarekin Emakumeen Etxea aurkeztu dute, alkatearen esanetan, «gizarteak eraldaketa behar duelako eta hori feminismoaren bidetik etorriko delako ezinbestean».
Ezer eraiki aurretik baina, oinarriak landu behar direla esan du Hernandok: «Lehenengo edukia eta gero jantzia, etxea». Horregatik ez dute zehaztu non eraikiko duten, ezta tokia erabakita dutenik ere. Baina zerbait argi badute Udaletik, hori «mota, jatorri eta izaera guztietako emakumeentzako gunea» izango dela da. Orozko zinegotziak ere nabarmendu egin du Emakumeen Etxearen helburu hori, «emakumeentzako hurbileko eta konfiantzazko etxea» gura dutela adieraziz.
Lehenengo oinarriak diseinatu gura dituztenez, prozesu parte-hartzailea jarriko dute abian, eta horren ardura eramango du gaurko aurkezpenean izan den Irati Garai Farapi kooperatiba elkarteko kideak. Garaik «parte-hartzean oinarritutako eraikuntza kolektiboaren garrantzia» azpimarratu du, «Galdakaoko emakumeen behar, nahi eta desioak kontutan hartuko dituen etxea eraikitzeko».
Horrela ba, prozesua Berdintasun Kontseiluak abiatuko badu ere, Udalak herrian bizi diren emakume guztiak animatu nahi ditu prozesu honetan parte hartzera, izan talde eragilean parte hartuz zein ekarpenak eginez.
Parte hartzeko:
- Talde eragilea osatzeko: berdintasuna@galdakao.eus
- Ekarpenak edo iritziak bidaltzeko: galdakao.eus