Galdakaoko delituen hazkundea aztertzeko txostena eginda daukala adierazi du Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: R. Roar
Kriminalitatearen hazkundea «geldiarazi eta neurriak ezartzeko» helburuz, azterketa-mahaia sortzea eskatu zion Galdakaoko EAJk Udalari. Honen aurrean, delituen igoera aztertzeko txostena eginda daukala adierazi du Udal Gobernuak eta informazio guztia talde politikoei «izan dugun lehenengo aukeran helarazi diegula» azpimarratu du.
Espainiako Barne Ministerioak 2023ko lehen bederatzi hilabeteen Kriminalitate-Balantzea argitaratu zuen eta honen arabera Galdakao izan zen kriminalitatearen hazkunderik handiena izan zuen Bizkaiko udalerria epe honetan. Zehazki, % 14,8 igo zen kriminalitatea.
Hau «geldiarazi eta neurriak ezartzeko» helburuz, azterketa-mahaia sortzea eskatu zion Galdakaoko EAJ-PNVk Udalari, BINKEk jaso zuen moduan. Jeltzaleen esanetan, «oso kezkagarria da gobernu taldeak Galdakaoko herritarrei zuzenean eragiten dien gai baten inguruan duen isiltasuna».
Honen aurrean, Galdakaoko delituen hazkundea aztertzeko txostena eginda daukala adierazi du Udal Gobernuak. Txosten horretan, delitu motaren araberako konparaketa egin da aurreko urtearekin eta hurrengo ondorioa adierazten du udaltzain arloak: «Ondorio gisa adierazi behar da erregistratutako datuak kontuan hartzeko eta egokitzat jotzen diren neurriak hartzeko direla, baina ezin ditugu kezkagarritzat jo».
Txosten honetako informazioa kontuan hartuz, langileria arloko ardura duen zinegotziak, udaltzain buruak eta segurtasun arloko zinegotziak azterketa lanari eta hartu beharreko erabakiei buruzko bilera egin zuten. Bilera horretan, «segurtasunerako epe ertaineko planaren ildo nagusiak markatu ziren: giza baliabide kopurua, baliabide materialak (ibilgailuak, lan tresnak eta instalazioak) eta antolaketa zein formazioa».
Azterketa honen berri emateko, segurtasun zinegotzia eta udaltzain burua, Alkatetza-herritarrak batzordera bertaratu dira udaleko talde politikoei informazioa helarazteko eta zituzten galderei erantzuteko. Atzo egin zen batzorde hau, udaltzain buruak txostena egin zuenetik lehenengo batzorde ofizialean. Beraz, «informazio guztia izan dugun lehenengo aukeran helarazi zaie talde politiko guztiei ohiko bideak erabiliz», azpimarratu dute Udaletik.
Bestalde, Udalak nabarmendu du «datu hauek eta beraietaz egiten den erabilera zentzuzkoa izatea komeni da. Erabakiak, ondo pentsatuta eta ondo aztertu ondoren hartu behar dira. Bestela, gizartean benetakoa ez den ezin egona sortu daiteke».