Galdakaoko euskaltegietan izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: El Mundo
Ikasturte honetan ere euskara maila hobetu edo hizkuntza ikasteko aukera izango da Galdakaon. Udal Euskaltegiak eta AEK Barandiaran Euskaltegiak izena emateko epea zabaldu dute eta irailaren amaierara arte egin ahal izango da.
Ikasturte berriarekin batera Galdakaoko euskaltegiak berriz jarriko dira martxan. Udal Euskaltegiak eta AEK Barandiaran Euskaltegiak izena emateko epea zabaldu dute eta 26ra eta 29ra arte egin daiteke, hurrenez hurren.
Galdakaoko Udal Euskaltegian hilaren lehenengo hamabostaldian matrikulatzen diren pertsona guztiek %25eko deskontua izango dute.
Matrikula aurrez aurre edo online egin daiteke Udal euskaltegiaren webgunearen bidez. Matrikula aurrez aurre egiteko ordutegia honako hau da:
- Astelehenetik eguenera, 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 17:30era
- Barikuetan 9:00etatik 14:00etara
Informazio gehiago eskuratu daiteke Udal Euskaltegiaren webgunean, 944 566 174 telefono zenbakira deituz edota euskaltegia@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.
AEK Barandiaran Euskaltegian izena online egiteko aukera webgunean eta aurrez aurreko arretari dagokionez, aurten aldaketa garrantzitsu bat jakinarazi dute: ohiko lokalean zaharberritze lanak egingo dira eta matrikulaziorako aurrez aurreko arreta udaletxeko beheko solairuan egingo du AEKk. Ordutegia honakoa izango da: astelehenetik barikura: 09:30-14:00 eta 17:00-19:30.
Obrak 2024ko urtarrilera arte luzatzea aurreikusten denez, 2023-24 ikasturteko lehen hileetan AEK Barandiaran Euskaltegia ondoko kalera mugituko da, hain zuzen ere, Zubiaurretaurren kaleko 7. zenbakiko eskumako entreplantara.
Gehiago jakiteko barandiaran@aek.eus helbidera idatzi daiteke edo deitu telefono hauetara: 944564119-607632345.
Dirulaguntzak
Galdakaoko euskaltegiek A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak eskainiko dituzte aurten ere, ikastaro presentzialen eta autoikaskuntzaren bidez egin ahalko direnak.
Gainera, Galdakaoko Udalak, ikasturteko asistentzia %90ekoa izanez gero, matrikula ordaintzeko dirulaguntzak emango ditu. Kolektiboen arabera, %45, %50, %60 edo %100ekoak izan daitezke dirulaguntzak.
HABEk ere hobariak eskainiko dizkie 16-18 urte bitarteko gazteei; 2005 eta 2007 urteen artean jaiotakoei 2023ko irailetik abendurako ikasketarako, eta 2006 eta 2008 artean jaiotakoei 2024ko urtarriletik uztailera bitarteko ikastaroetarako.
Horretarako, ikasleen helburu mailak C1C1 izan beharko du, eta abiapuntua aukeratutako modulu edota garaiaren araberakoa (C1B2 edo B2B2). Gainera, ikasleek ikasturtea % 75eko asistentziarekin bukatu beharko dute gutxienez, eta autoikaskuntzaren asistentziaz gain, mintza-saioetan ikastaroko ordu lektibo guztien %7,5era iritsi behar dira, gutxienez.