Galdakaoko historiari errepasoa, baserri eta etxeak aztertuz
Xabier Valenciaren lana
BINKE / 2020ko ekaina
Galdakaoko historiari errepasoa, baserri eta etxeak aztertuz
TESTUA: Iñigo Larrea Larrabieta
ARGAZKIA: Amaia Agirre
Binkeren hileroko kolaboratzaile Xabier Valenciak XVI. mendetik 1936. urte arteko Galdakaoren historia batu du, bertako baserri eta etxeak aztertuta. Hilero 27. orrialdean aurkituko dituzu liburu honetako «pildoratxoak».
Dozenaka kolaboratzaile ditu, zorionez, Binkek. Eta urtarriletik aurrera hileroko kolaboratzaile da Xabier Valencia historialari galdakoztarra eta. Bada, urte luzez egindako lanaren ondorio, Galdakaoren historia batzen duen liburua kaleratu berri du. Historialariaren hitzetan: «Historia handia ezagutzeko, historia txikia ezagutu behar da». Ideia horretan oinarritu da Valencia lana burutzeko; herri mailako historia ezagutzeko, Galdakaoko baserri eta eraikinen xehetasunei erreparatu baitie.
Lana sortzeko ideia Onomastika Elkarteko bi kidek egindako hitzaldi batean gauzatu zen. Ander Rose filologoak eta Jose Alfonso Antequera folkloristak Valenciari bere lana bideratzeko behar izan duen dokumentazioa utzi zioten. Hasiera batean Rosek eta Antequerak dokumentazio hori beste proiektu baterako erabili zuten, baina historialariari baliagarriak izan zekizkiokeela ikusita, Valenciak dokumentazioa hartu eta ikuspuntu berri batetik bideratu zuen azterketa.
Historialariak XVI. mendetik 1936. urte artean Galdakaon zeuden hainbat auzo aztertu ditu. Valenciaren obra azterketa historiko bat da, eta horregatik liburuan bitartez, herriko eraikuntzen historia azaleratu, balioztatu eta argitara eman du. Horrekin guztiarekin, autoreak Galdakaoko ondare historikoaren nondik-norakoak aztertu nahi izan ditu, gaur egun ditugun auzoetako historia ezagutzeko.
Hasteko, kontuan hartu behar da mila biztanleko herri txikia zena, gaur egun ia hogeita hamar mila biztanle izatera heldu dela. Batek baino gehiagok baieztatu izan du aldaketa hori fabrika batzuen etorreragatik izan zela, baina Valenciak aztertu izan duen moduan, beste hainbat faktorek baldintzatu dute mendeetan eman den hazkunde demografiko hori.
Lanean bertan azaltzen denez, herria hiru arrazoi nagusigatik handitu zen; batetik, Errege bidea kendu zen, bestetik, Zuatzuko zubia eraiki zen, eta azkenik, Juan Bautista Uriarte kalea zabaldu zuten. Aldi berean, aldaketa horiek beste hainbat ondorio ekarri zituzten herri mailan; hala nola, gune ekonomikoa Plazakoetxe aldera eramatea. Aipatzekoa da ere XX. mendean trena eta tranbia martxan jarri zirela eta horrek ere eragin zuzena izan zuela herriaren aldaketetan.
Valenciak lanaren bitartez hartu duen beste ardura bat iraganeko auzoak zehaztea eta gaur egun ezagutzen ditugunekin alderatzea izan da. Gaur egun Ergoien izenarekin ezagutzen den auzoa, antzina Urizar, Aretxabaleta eta Agirre izenarekin ezagutzen ziren eta Egia auzoa gaur egun guztiz desberdina da, zeren autopistak bitan zatitzen duen.
Azterketa egin ondoren, historialaria konturatu da auzo berri batzuei jatorriz zuten izena jarri beharrean, beste berri bat jarri izan zaiela; adibidez, Olabarrieta auzoa, jatorriz, Iñigobaso deitzen zen. Gaur egungo Iturrondo plazan ere hainbat aldaketa eman dira. Antzina Iturrondok Ostatusolo izena hartu zuen, eta Ardanza lehendakaria parkean kokatuta zegoen baserria, aldiz, Iturrondo deitzen zen. Azkenik, aipatzekoa da ere antzinako hainbat auzo ere gaur egun ia desagertuta daudela, esaterako, Urgoiti, Arteta eta Eitzaga.
Liburua irakurtzeko
www.galdakao.eus/pdfs/Baserriak.pdf
Binkeren Etxetik atalean (27. or.) hilero aurkituko dituzu liburuaren pasarteak.