Galdakaoko merkatua, ixteko zorian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Galdakaoko merkatuak 1983an ireki zituen ateak eta urte askotan zehar erreferentzia izan da herrian eta baita inguruetan ere. Gutxinaka-gutxinaka ordea gainbeheran hasi zen eta gaur egun merkatuak dituen hogeita bi postuetatik bi bakarrik daude irekita. Merkatuaren hasiera eta gaur egungo egoera aztertu ditu BINKEk ondoko erreportaje sakonean.
Hirurogeita hamarreko hamarkadara arte, hornikuntza-merkatuak herri eta hirietako elikagaien merkataritzaren zutabe garrantzitsuenetako bat ziren. Legeak hórrela ezarrita —2013an aldatu zen derrigortasuna kentzeko— merkatuek herritarrentzako elikagaien hornidura bermatzeko helburua zuten, bereziki, elikadura freskoari dagokionez.
Beste denda batzuen eta batez ere supermerkatuen irekierekin ordea, bigarren mailako papera hartu zuten eta gainbehera garaian sartu ziren, eta, kasu askotan, desagertu egin ziren.
Galdakaon martxan dago oraindik Zuloaga Margolari kalean sarrera nagusia duen merkatua baina honek dituen hogeita bi postuetatik —hamaika jabe daude eta postuetako asko Anza familiarenak dira— bi soilik daude irekita: Manu eta Olgaren oilasko-denda eta urdaitegia, eta Edu martxan jarri zuen Mila Arraindegia. Are gehiago, merkatua ixteko zorian dago; izan ere, postu gehienen jabeek saldu egin nahi dituzte, alferrikakoak direlako. Amaiera tristea oso garai onak izan dituen merkatu batentzat.
Polemika irekieran. Atzera egin behar dugu merkatuaren lehen pausoak kokatzeko. Zehazki, duela 43 urte hasi zen proiektua eta 1982an eman zuen Galdakaoko Udalak merkatua irekitzeko behin betiko lizentzia. Andoni Larrauri izan zen arkitektoa eta Maria Luisa Revuelta proiektuaren jabea. Guztira, 660 metro karratu ditu lokalak.
Irekiera ofiziala 1983an egin zen, polemika handia egon zela tartean. Merkatu gainean dagoen eraikineko auzokide gehienak kontra zeuden eta batzuek salaketak jarri zituzten merkatua jada martxan zegoenean, usain txarra eta zarataregantik. Honen aurrean, merkatariak greba egitera heldu ziren, haien eskubideak
defendatzeko helburuz.
«Gogoratzen dut hasieratik kontra zeudela nire auzokide gehienak eta boikota egin ziotela merkatuari. Ez ziren hara erostera sartzen eta oraindik ere jarrera hori mantetzen dutenak badira», azaldu du antzina eraikin horretan bizi zen emakume batek.
«Nik ez nuen usainik antzematen eta ingurukoak kontra bazeuden ere, joaten jarraitu nintzen beste gutxi batzuekin batera, ez nuelako logikoa ikusten boikot guzti hori», azpimarratu du.
Jendez lepo urte askotan zehar. Polemika atzean utzita, edo behintzat alde batera baztertuz, merkatua abiatu zuten sei harategi, bi arraindegi eta hiru urdaitegirekin. Hori izan zen hasierako lerrokatzea baina urte guzti hauetan jokalariak aldatzen joan dira. Fruta-dendak egon dira esaterako, eta baita oilaskoa saldu duten postuak. Eta, nola ez, herritar askok mimoz gogoratzen duten taberna.
Urte onak, oso onak izan zituen merkatuak. Jendez lepo goizez eta arratsaldez, asteburuetakoak ziren salmenta gehien egiten zituzten egunak.
Alfonsok Ortuellan hasi zuen haragiaren munduan eta han urte batzuk eman ondoren, Galdakaoko merkatuko postu batean bere negozioa jartzeko aukera ikusi zuen. «Gogoratzen dut oso aukera ona zela. Jende asko etortzen zen hona erostera, Galdakaotik, Usansolotik, eta beste hainbat herritk. Aldi berean sei harategi geunden irekita eta denok topera lan egiten genuen», azaldu du.
Gainbehera garaia. Duela hamabost urte inguru ordea, merkatutik ateratzeko erabakia hartu zuen Alfonsok, «postuak ixten hasi zirelako eta gainbehera ikusten zelako jada». Gaur egun merkatuaren sarrera ondoan, Zuloaga Margolari kalean, lan egiten du, Serrano harategian, eta «hartu nuen erabakia asko eskertzen dut».
«Asko somatzen da kanpoan egotea. Barruan nengoenean etortzen ziren bezero asko izaten jarraitzen dut baina berriak egin ditut ere, hemen kanpoan askoz errazago ikusten delako denda», nabarmendu du, merkatu barruan dagoen egoera «pena handiz» ikusten duela azpimarratuz.
Alfonsok bezala, beste merkatari askok merkatua uzteko erabakia hartzen joan dira azken urteetan eta lokalaren barruan argi batzuk amatatuta ikusi ahal dira ere, jabe batzuek ez dutelako gasturik ordaindu nahi.
Azken itxierak. Persiana itxi duten azkenetarikoak Maza fruta-denda eta Pako eta Arantza izan dira. Azken hauek urdaitegia zuten merkatuaren hasiera hasieratik eta duela urte eta erdi inguru jubilatu ziren.
Hain zuen Pako eta Arantzaren postuaren aurrean oraindik irekita dagoen Mila arraindegia aurkitu dezakegu. Aurretik beste jabe batzuk zeuden baina duela hogei urte ingurutik Eduk agurtzen ditu arraindegi honen bezeroak. «Ni hasi nintzenean postu guztiak zeuden zabalik, den denak, eta sekulako bizitasuna zuen merkatu honek», adierazi du gizonak.
«Gainbehera supermerkatuak heldu direnean gertatu da. Gutxinaka gutxinaka ikusi dugu nola postuak ixten joan dira eta jendeak gaur egun erosketak leku berean egin nahi ditu denak», azaldu du. «Ez du arraindegira eta harategira joateko denborarik, edo ohiturarik», dio arrain-saltzaileak.
«Nik bizitza osoa eman dut negozio honetan eta ikusten dut nola arraina erostera etortzen diren bezero gehienak nahiko nagusiak diren. Zaila da bezero berriak egitea, are gehiago gazteek duten bizitzeko modua ikusita. Gutxiago sukaldatzen da eta guk hori ere somatzen dugu», aitortu du.
Bi postu irekita. Jubilatzeko urte bat geratzen zaio Eduri, baina lehenago egingo duela argi du: «Gaixotasun bat dut eta eskuetan min handia egiten dit urak, horregatik Javi dago nirekin gaur egun arraindegian. Bihar itxi dezaket edo hilabete batzuk barru, nork daki. Pena handiz esaten dut, baina nire ordua iritsi da ere, disfrutatzeko ordua».
Momentu hori heltzean postu bakarra izango da zabalik merkatu osoan, Zuloaga Margolari kaleko sarreratik ikusi daitekeen lehenengoa: Manu eta Olgaren urdaitegi eta oilasko denda.
Duela urte asko ere ireki zuten eta ez dute itxi nahi. «Gure arazoa da irekita mantendu nahi garen bakarrak garela, baina leku estrategiko bat dugu. Alboko postuak ere gureak dira eta gure proposamena haiek beste guztia hartu eta beste aldeko sarrera hartzea izan da, baina ez dute nahi», azaldu du Manuk.
Azken arnasa. «Logikoa denez, lokal osoa erosi nahi dute, postu guztiekin, eta gu gauden sarrera barne noski, hau delako jendeak kaletik gehien ikusten duena», dio Manuk. «Arazoa da lan hau oso esklabua dela eta inork ez duela nahi hemen 18 ordu egon lan egiten», azpimarratu du.
«Gure asmoa hala ere hemen mantentzea da, gu pozik gaudelako hemen. Badakigu itxi nahi dutela baina Chanquetek zioen moduan, ez gaituzte mugituko, ez behintzat guk horrela erabakita», azpimarratu du bikoteak.
Momentuz, bezeroen babesa dute Manuk eta Olgak eta baita Eduk ere, eta hurrengo hilabeteetan gertatuko denaren zain daude, saltzeari utzi gabe. «Gure negozioa bideragarria da eta bizitza osoan egin duguna da hau, ez dugu beste etorkizunik imajinatzen momentuz. Espero dugu konponbide bat lortzea laster, ez baitugu hau hiltzea nahi, ezta pentsatu ere!», dio Manuk irribarrez. «Etorri zaitezte erostera, bizirik mantendu behar dugu merkatu hau!». •