«Galdakaoko ondarea ez dago gure esku», Aitor Montes
Aitor Montes Lasarte
BINKE / 2022ko ekaina
Gandasegi doktorearen etxea eraitsi dute Galdakaon, Zabalea auzoan. Etxe bat, nire aitaren etxea izan zitekeena. Edo zure amarena. Zoritxarrez, etxe hau galdakoztar guztion ondarea ere bazen nolabait, edo izan behar zuen, hain zen zaharra eta ederra. Aldamenetik pasatzen ginenean ikusten genuen, udaletxetik gora igotako aldapak eragindako estutasunen eztigarri, bihotzaren altxagarri. Izan behar zuen, baina ez da gehiago izango. Galdakoztarron etxe horrek ez du zutik iraungo, bota dute eta. Ez dugu berriro ikusiko.
Etxebizitzak eraikiko dira orain hutsik eta goibel dagoen orube horretan, enpresa eraikitzaileek mozkinak irabaz ditzaten. Izan ere diruak uretan ere egin dezake bidea eta, bistan denez, diruak agintzen du gure herrian, ez galdakoztarrek. Galdakao ez dirudi herriarena denik, kapitalarena baizik. Laster ikusiko ditugu garabiak lanean, eta aldapa gogorragoa egingo zaigu. Bihotz hila lehen bizigarria zena.
Herriarena izan zitekeen orube hori: umeentzat jolas parke bat, txakurrentzat txiza egiteko tokia, edo ludoteka bat. Agian adinekoentzat topaleku bat, edo gazteentzat babesleku. Hainbat gauza izan zitekeen, baina ez da izango. Enpresariena izango da. Apoak irentsi eta segi aurrera.
Aurrera, zenbat aldiz entzun dugu hori kalean, ikastolan, lantokian. Gure herriaren geroa bait ginen, gure esku zegoen. Ez omen dugu asmatu; berdin da zeinek agindu, urliak edo sendiak, gurean dirua da nagusi. Gure herria bera ere, Galdakao bera ez dago gure esku, atera kontuak. Ezin herriak nahi duena egin, ezin herriari eman herriari dagokiona. Galdakao enpresarien asmo gaiztoen menpe dago, eta etxeak eraikitzeko apeta ematen bazaie, eurek esan eta udalak halaxe egin beharko. Ez dago besterik.
Zer pentsatua ematen du honek guztiak. Ez bagara gauza gure herriaren ondarea babesteko, ur txikitan nabigatu alegia, nekez ibiliko gara ur handitan. Zer Euskal Herri eraikitzeko gaitasuna daukagu, auzoa txikitzen digutenean isiltzen bagara.
Gogoeta ilunak, baina ez gogoeta hutsak. Ikasi baitugu ez daukagula ahotsik, Galdakao ez dela gurea. Alferrik dela parte hartzea, hitz egitea, kexatzea, hori guztia berdin zaiela. Etorriko dira gero laguntza eske, lau urterik behin, betiko moduan. Inoiz ez bezala, orduan isilik geratuko gara batzuk, berdin baitzaigu zeinek agindu. Azken batean langileak baino ez gara, herri xehea. Herri xehea gu eta azal lodikoak Gandasegi doktorearen etxea xehatu duten nagusiak. Hurrengoan nire aitarenean ez, baina ni etxean geratuko naiz.
Inurrien gibela afaltzeko.