Galdakaoko Udalak alokairuko etxebizitzen jabeak zergetan «zigortu» izana salatu du EAJk
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2017ko arau bati jarraituz eta etxebizitza hutsei irtenbidea emateko asmoz, udalerrian erabili gabe dauden etxebizitzetako zergak %50ean handitzen hasi da. Aldiz, EAJk salatu duenaren arabera, zigor hori etxebizitzak alokairuan dituzten askori ere aplikatu die Udalak.
Bizkaiko Foru Aldundiak hutsik zeuden etxebizitzei gehigarri bat kobratzeko aukera eman zien udal guztiei 2017an. Gehigarri hori ondasun higiezinen gaineko zergari ehuneko zehatz bat handituz egiten da —udal bakoitzak erabaki ohi du kopurua—, eta aldundiak araua kaleratu zuen urte berean asko izan ziren zergaren handitze hori bere udalerriko etxebizitza hutsetako jabeei aplikatu zizkieten udalak.
Galdakaon geroztik ez da zerga gehigarri hori ezartzen, baina egungo Udal Gobernuak indarrean jarri du berriz zigor administratibo hori, «etxebizitza hutsak saihesteko helburuz». Horretarako, etxebizitza hutsak dituzten jabeei ondasun higiezinen gaineko zerga %50 handitzeko erabakia hartu du Udalak —eta kontrara, euren etxebizitza alokairuan dutenei %50eko deskontua ezartzen zaie aipatutako zergan—.
Aldiz, Galdakaoko EAJren iritziz, «akats baten ondorioz, etxebizitzak alokairuan dituzten jabeei ere ezarri dizkiete zigor horiek». Eta ez hori bakarrik, jeltzaleek salatu dutenaren arabera, «errakuntzaz konturatu direnei esan diete euren kabuz egin behar dutela diru-itzulketaren erreklamazioa». Horregatik, EAJk Udal Gobernuari eskatu dio Udala bera izan daiten «egindako akatsaren ardura ahalik eta arinen hartu eta kudeaketa horiek egiten dituena, ez herritarrak».
Udalak bere aldetik Binkeri esan dio arau hori EAJk berak ezarri zuela bere garaian, eta Udal Gobernu hau «ados dagoela jeltzaleek hartutako erabaki harekin». Ordea, «Udal Gobernuak ez du zergen aukera horren berririk izan Bizkaiko Foru Aldundiak errekargu hori aplikatzen ari ez garela esan digun arte», azaldu dio Etxebizitza zinegotziak aldizkari honi.
«Baina egia da askok errekargu horren berri izan dutela banketxeko igorpena iritsi zaienean, nahiz eta etxebizitza alokatuta izan, eta ez dutela tramiteak egiteko denborarik izan», onartu du Nerea Orozko zinegotziak. Hala ere, zinegotziak Binkeri gogorarazi dio «Galdakaon 1.400 etxebizitza daudela hutsik eta asko direla etxebizitza duin bat izateko arazoak dituztenak gure herrian».
Datozen egunetan jakinaraziko du Binkek gai honetako kaltetuek eman beharreko pausoen inguruan, Udalak hala azaldu ostean.