Galdakaoko Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak lankidetza hitzarmena sinatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Galdakaoko Udala «euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko» marko estrategikoa diseinatzen ari da eta bide honetan hamar urterako hitzarmena sinatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin. Atzo, maiatzak 23, sinatu zuten Iñigo Hernando alkateak eta behatokiko zuzendari den Agurne Gaubekak.
Hurrengo hamar urteetan «euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko» helburuz, Galdakaoko Udala marko estrategikoa diseinatzen ari da. Ildo honetan orain arte aurreko planaren diagnostikoa egiten ibili dira eta herritarrei euren euskararekiko eta euskal komunitateari buruzko pertzepzioak jasotzeko galdetegia egin diete.
Horrez gain, diagnostiko kualitatiboagoak egin dira udaleko zinegotziekin eta Euskara
zerbitzuko langileekin, eta maiatzaren 9an Torrezabaleko erakusketa gelan batu ziren elkarteekin planaren inguruan aritzeko.
Atzo, maiatzak 23, berriz batu ziren Galdakaoko Udaleko ordezkariak herritarrekin batera Torrezabalen eta saioan euskara planaren erronka nagusiak aurkeztu zituzten.
Halaber, euskara indarberritzeko helburu honekin jarraituko duen hamar urterako hitzarmena sinatu zuten hitzorduan Galdakaoko Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Iñigo Hernando alkatea eta Agurne Gaubeka behatokiko zuzendaria izan ziren sinatzeko arduradunak.
Hitzarmenak hiru erronka nagusi ditu:
- Euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eraman
- Berariazko nahiz zeharkako hizkuntza politika garatu, gainerako hizkuntzekin zein kulturekin bizikidetzan
- Euskararen aldeko jarrera areagotu eta hiztunen ahalduntzean, hizkuntza ohituretan eta portaeretan eragin
Gaubekak ‘Euskaldunon hizkuntza eskubideak’ hitzaldia ere eskaini zuen saiora bertaratu zirenentzat.