Galdakaoko Udalaren jarduera bost batzordetan antolatuko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Bost batzordetan antolatuko du Galdakaoko gobernu talde berriak bere jarduera. Gaur goizean erabaki du udalbatzak, Udalaren antolaketa zehazteko egindako bilkuran. Albiste honetan batu ditugu batzordeen eta zinegotzien soldatei buruzko xehetasunak.
Maiatzaren 28an antolatu ziren udal-hauteskundeetan EH Bildu izan zen garaile Galdakaon. Binkek jaso zuen moduan, Iñigo Hernando izango da alkatea hurrengo lau urteetan honako Udal Gobernuarekin: EH Bilduko bederatzi zinegotzi, Usansolo Herriako bi eta Auzoak-eko beste bi.
Behin Udal Gobernuaren osaera jakinda, honen antolaketa zehazteko bilkura egin dute gaur goizean. Honetan ezagutzera eman dutenez, bost batzordetan antolatuko da Galdakaoko Udalaren jarduera, pasa den legegintzaldian bezala. Hala ere, aldaketa txikiak izango dira eta hauek izango dira arloak eta lehendakariak:
1.Alkatetza-herritarrak. Berdintasuna, Migrazioa, Parte hartzea, Informatika, Komunikazioa, Euskara, Euskaltegia, Hezkuntza eta Musika Eskola. Maite Arandia Loroño izango da batzordeko lehendakaria eta Edurne Espilla Etxebarria ordezkoa.
2. Gizarte Ekintza. Gizarte ongizatea eta pertsona nagusien ardura hartuko du. Amets Iturbe Bustillo izango du lehendakari eta Eguzkiñe Gezuraga Barrena ordezko.
3. Lurraldea. Honako arloak hartuko ditu: Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak, Mugikortasuna eta Irisgarritasuna, Ingurumena, Ondarea, Etxebizitza, eta Garraioa. Asier Egiraun Iturbe-Ormaeche izango da batzordeko lehendakaria eta Asier Korta Ibarra ordezkoa.
4. Kultura, Gazteria, Kirola eta Jaiak. Lau arlo horiek batuko dira batzordean eta Edurne Espilla Etxebarria izango da lehendakaria; ordezkoa Izaskun Barbarias Garaizar izango da.
5. Barne erregimena. Ogasuna, Enplegua, Sustapen ekonomikoa eta Giza baliabideak kudeatuko dituen batzordeko lehendakaria Alberto Ealo Artetxe izango da eta ordezkoa Eguzkiñe Gezuraga Barrena.
Batzordeak hilean behin batuko dira eta bost kidek osatuko du bakoitza: udal talde bakoitzeko ordezkari batek.
Zinegotziak
Zinegotziei dagokienez, hauek izango dira:
- Alkatea: Iñigo Hernando Arriandiaga (EH Bildu)
- Kultura, Migrazioa eta Komunikazioa: Edurne Espilla Etxebarria (EH Bildu)
- Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak, Mugikortasuna eta Irisgarritasuna, Ingurumena, Ondarea, Etxebizitza, eta Segurtasun zinegotzia: Asier Egiraun Iturbe-Ormaeche (EH Bildu)
- Berdintasuna, Gizarte ongizatea, Gazteria eta Jaiak: Amets Iturbe Bustillo (EH Bildu)
- Ogasuna: Alberto Ealo Artetxe (EH Bildu)
- Giza Baliabideak: Eguzkiñe Gezuraga Barrena (EH Bildu)
- Hezkuntza eta Kirola: Asier Korta Ibarra (EH Bildu)
- Euskara eta Euskaltegia: Izaskun Barbarias Garaizar (EH Bildu)
- Parte hartzea: Maite Arandia Loroño (EH Bildu)
- Usansoloko gaiak: Iñaki Urgoiti Llano eta Unai Etxezarraga Gomez (Usansolo Herria)
- Garraioa: Toño Gonzalez Gutierrez (Auzoak)
- Enplegua eta Sustapen ekonomikoa: Monika Bailon Fernandez (Auzoak)
Alkateak eta gobernuko beste bi zinegotzik aldi osorako liberazioa izango dute, oposizioko talde nagusiko zinegotzi batek ere bai, eta gobernuko beste zinegotzi bik lanaldi erdikoa.
Hernando alkateak aurreko legealdiko soldata bera mantenduko du, urtean 53.292,82 euro, eta gobernuko gainontzeko liberatuek euren lanpostuetan dituzten soldaten araberako ordainsaria mantenduko dute Udalean ere. Beste soldatak hauek izango dira:
- Kultura, Migrazioa eta Komunikazio zinegotziak eta lehen alkateordea: 51.331,95 euro
- Hirigintza, Obra eta zerbitzuak, Mugikortasuna eta irisgarritasuna, Ingurumena, Ondarea, Etxebizitza eta Segurtasun zinegotzia: 31.288,44 euro
- Berdintasuna, Gizarte ongizatea, Gazteria eta Jaietako zinegotzia: 43.850,63 euro
- Giza baliabideetako zinegotziak 24.971,97 euro
- Oposizioko taldeko zinegotzia: 43.850,63 euro
Aholkulariei dagokienez, Udal Gobernuak bat gutxiago izango du. Antolaketarako aholkulari postua amortizatu egin da, eta Komunikazio aholkularia eta Gobernuaren idazkaria izango dira gobernuarentzat lanean arituko diren behin behineko postuak.