Galdakaoko udalbatzak 1.472.200 euroko kreditu aldaketa onartu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko udalbatzak 1.472.200 euroko kreditu aldaketa onartu zuen pasa den egueneko osoko bilkuran. Besteak beste, ordainketei, diru laguntzei eta zerga baten salbuespenari buruzko neurriak adostu ziren. Hemen batu dugu onartutako neurrien zerrenda.
Pasa den egunean, irailak 28, egin zuen Galdakaoko udalbatzak iraileko osoko bilkura. Udal Gobernuak jakinarazi duenez, 1.472.200 euroko kreditu aldaketa onartu zuten, ordainketei, diru laguntzei eta zerga baten salbuespenari buruzko erabakiekin.
Alde batetik, kreditu aldaketa egitea onartu zen Eusko Jaurlaritzarekin adostutako finantziazio bat atzeratu egingo delako. Ibarluzen eraikitzen ari diren zuzkidura bizitokiak ordaintzeko Eusko Jaurlaritzak jarriko duen diruaren zati handi bat, 1.920.000 euro, 2023an ematea aurreikusita zegoen baina 2024ra atzeratuko du, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko aurrekontuaren banaketan dituen arazoak direla eta.
Halaber, inbertsio batzuk finantzatzeko Udalak zuen 235.000 euroko mailegua amaitutzat ematea onartu zuen udalbatzak, Udal Gobernua osatzen duten 13 zinegotzien aldeko botoekin eta oposizioaren 8 abstentzioekin.
Bestalde, hainbat gastu ordaintzeko kreditu aldaketa egitea ere onartu zen aho batez:
- Dendari Elkarteari diru laguntza 64.000 euroan handitzeko
- Gandasegin egokitu den komuneko altzariak ordaintzeko 16.300 euro
- Zuzkidura etxebizitzetako lanetan 2023an ordaindu beharrekoak ordaintzeko
- Elektrizitate gastuetarako 540.800 euro
Eguzkibegi Ikastolaren zati bat berritzeko lanak herriaren onurarako lan gisa izendatzea eta ondorioz obren gaineko zergan %95eko hobaria ezartzea ere adostu zuten, eta baita Aurrekontua Betearazteko Arauan «zinegotzi delegatu» terminoa gehitzea. «Alkatearen eskumena» jartzen duen testuetan delegatuaren eskumena ere aitortzen da horrela eta alkateak berak du eskumen hori emateko gaitasuna.
Azkenik, Galdabusaren harira EAJk aurkeztu dituen bi mozioak atzera bota ziren. Batetik, Galdabusa Usansolora ere joateko, maiztasunak eta geldialdiak gehitzeko eskatu zuten jeltzaleek. Bestetik, Usansoloko EAJren izenean, autobusaren zerbitzua «Galdakaon eta Usansolon parekatzen ez denez Usansoloren eta Galdakaoren aurrekontuak berehala bereizteko eta autobusaren kontratua aldatzeko» eskatu zuten.