Galdakaoko udalbatzak 49 milioi euroko aurrekontua onartu du hurrengo urterako
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko udalbatzak abenduko osoko bilkura egin zuen atzo eta besteak beste, 49.164.464 milioi euroko aurrekontua onartu zuen hurrengo urterako. Udal gobernua osatzen duten taldeen aldeko 13 botoekin, PSEren kontrako 2 botoekin, eta EAJko 6 zinegotzien abstentzioarekin onartu zen aurrekontua.
Hurrengo urteko aurrekontua aurkeztu zuen Galdakaoko Udal Gobernuak duela aste bi, 48.744.464 eurokoa hain zuzen, aurtengoa baino %4,91 handiagoa. Zerbitzuek eta inbertsioek izango dute lehenetasuna, BINKEk jaso zuen moduan.
Atzo onartu zuen aurrekontu hori Galdakaoko udalbatzak, oposizioko taldeen zenbait proposamen aintzat hartuz eta Udal Gobernuaren hasierako proiektua 420.000 euroan egokituz. Gobernuko taldeen aldeko 13 botoekin onartu zen aurrekontua, PSEren kontrako 2 botoekin, eta EAJko 6 zinegotzien abstentzioarekin.
EH Bilduren esanetan, hurrengo urterako onartutako aurrekontuarekin «lau urte hasitako aldaketaren bidean pauso berriak ematen jarraitu nahi dugu». «EH Bilduk gidatzen duen Udal Gobernuak galdakoztarren bizitza hobetzeko gaitasuna erakutsi du, eta bide horretan sakontzea da aurrekontu honen helburua, herritarrak erdigunean jarriko dituena», azpimarratu du alderdiak.
EAJ-PNVren ustez aldiz, «ekonomikoki desorekatua eta Galdakaoko eta auzoetako herritar asko atzean uzten dituztela» adierazi du. «Bitxia da gobernu taldeak aurkeztutako neurri eta ekintzen zati handi bat EAJ-PNVk bere hauteskunde programan burutu dituen ekintzak izatea», nabarmendu dute. Horregatik, milioi erdi baino gehiagoko zazpi zuzenketa aurkeztu zituzten, besteak beste, auzo batzuetan hobekuntzak eta emantzipaziorako udal ekarpen zuzenak sortzeko eskatuz.
Sozialistek ordea 16 zuzenketa aurkeztu zituzten, batez ere, «auzoak indartzeko, gazteen emantzipazioa errazteko, tokiko merkataritza bultzatzeko edo bizilagunen komunitateei etxebizitzak eraberritzen laguntzeko» helburuz.
Beste neurri batzuk
Atzo antolatutako osoko bilkuran parte hartzearekin lotutako bi neurri ere onartu ziren: parte hartze ordenantza eta parte hartzerako diru laguntzen oinarriak. Herritarren parte hartzea sustatu eta arautzeko bi neurriak lehen aldiz ezarriko dira Galdakaon eta gobernu taldea osatzen duten hiru taldeen aldeko botoekin onartu zen. Oposizioko bi taldeak abstenitu egin ziren.
Halaber, suziriak, bolanderak eta suak arautu eta murrizteko adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzak. «Gaixotasun jakin batzuk dituzten herritarrei zein animaliei suzirien zaratak eragiten dieten kaltea arintzeko neurri gisa ulermena» eskatzen du adierazpenak. EAJ-PNVk proposatu zuen testua eta aho batez onartu da.