«Gau Baltza», Ainara Artetxe
IRITZIA
Ainara Artetxe Azkueta
BINKE / 2022ko azaroa
Gau baltzean geizpeak eta itzalak atzean… (Ibon Iza)
Arimen gaua, gau baltza etorri da. Eguneko orduek laburtu eta gauek luzatuten hasten direzan aroan. Hegohaizea edo Zorohaizea etorten da gugana, udaberritik udazkenera zuhaitzean eta lurrean ondu direzan sasoiko ostoak eta fruituek jausi egiten direz, amalurrarengatik gertuago egoteko eta gure sukaldeko platerrak gozotzeko.
Nire herrien, nik ez dot ezetu Domusantu egun bezperako erritualik, loreak Ortusanture eroateana ez bada. Baina nik ez ezetu izanak, ez dau esan gure inoiz egon ez danik. Jakin badakigu, gure historiak eta kulturak zenbat zentzura eta behartutako eraldatzeak jaso izan dauzen.
Egun horren inguruko esentziazko iruditegia ez jat arrotza egiten, kandelak, kalabazak, joandakoen arimei egindako aitortza, gaztainak, iluntasunari beldurre… Iruditegi kolektiboaren parte direz eta Euskal Herriko beste txoko batzuetan Gau Baltza ospatu izanaren testigantzak egon badagoz, biziraun dabe.
Entzun izan dot, Gau Baltza orain «modan» ipini dala euskaldunon artean, Halloween ospakizunaren euskal bertsioa dalakoan. Halloween, kolonialismo kulturalaren sasoiko da, Estatu Batuetatik etorritako beste ohitura komertzializatu bat. Gau Baltza kontrakulturaren parte dala ikusten bada be, hala bedi.
Baina guk, gure arbasoen memorian daroagu geurea dan ohitura, galzorian egon dana eta interesgarria deritzot berreskuratzea, Gau Baltza, Arimen gaua.
Gau baltza, gau baltza hil danak be jantza (Ibon Iza)